ZIENTZIA | IKERKA
Dantzari entzumenarekin erreparatzen
Ixiar Rozas Arte Ederretan doktorea
Ixiar Rozas Kazetaritzan lizentziatu zen eta master bana egin ditu Arte Garaikidearen Praktikan eta Zabalkundean eta Telebistarako eta Zinemarako Gidoigintzan. Arte Ederretan doktore egin da «Voic(e)scapes. Experiencias y potencias de la voz, el lenguaje y la tactilidad» tesiarekin. Horrezaz gain, idazlea, ikus-entzunezkoen errealizadorea eta antzerkigilea ere bada.
Maider EIZMENDI
Gilles Deleuzek Baruch Spinoza filosofo danimarkarretik hartu zuen galdera abiapuntutzat hartu du Ixiar Rozasek: «Zer egin ahal du gorputzak?». Bere egin eta harago eraman du bere tesia osatzeko: «Zer egin dezake gorputzaren, lengoaiaren eta ahotsaren arteko elkarlanak?». Galdera horretatik abiatuta egungo nazioarteko dantzaren eszena ikertu du: «Nik ikertzen dut hitz egiten duen, eta batez ere, ahotsarekin esperimentatzen duen eszena, horrek ikusarazten duelako komunikatzeko beste modu batzuk eta gorputza ulertzeko beste modu batzuk badirela».
Haren esanetan, komunikatzeko beste modu hauekin «diskurtsoa hausten da», lengoaia eta narrazioa erabiltzen dute, baina bai hizkuntzaren kodea, bai narrazioaren hari logikoa hautsita.
Ez du klasifikazioetara joan nahi ikertu dituen obra horiek kokatzeko: «Niri erabilgarria egin zait `koreografia esperimentala' hitza, bere pentsamendua eszenara eramaten duen dantza esan nahi baitu; koreografikoa ez da soilik ulertzen dantzaren barruan, esperimentatzen baita elementu askorekin».
Dantza, gizartea ikertzeko
Koreografia esperimentala, argitu duenez, ez da ulertu behar zerbait marjinala balitz bezala. «Europako hainbat antzokitan programatzen diren eszenako obrak dira. Hona gutxiago iristen da, ez soilik programazioagatik, baita hezkuntza eta prestaketa arazoak tarteko direla ere». Baina nabarmendu du Euskal Herrian ere badela arlo honetan lanean ari den jendea, eta Idoia Zabaleta koreografoa aipatu du, adibide gisa. Ikerketa arloari helduta, azaldu duenez, bere ikerketa objektua ez da isolatua, hartu duen ikuspuntua da akaso «berritzailea».
Nazioarteko eszenako hamabi pieza ikertu ditu Rozasek bere tesian, batzuk sortzaile eta artista ezagunenak; beste batzuk hain ezagun ez direnenak. «Kasu batzuetan lengoaiaren erabilera osoa da, ulergarria, beste batzuetan lengoaiaren erabilera logikoa desagertu egiten da eta bilakatzen da ahotsa, doinua, soinua... Ahotsaren esperimentazioa luzatu egiten dute soinu eraketa horretan».
Dantza honek islatzen du, bere esanetan, eszenatik kanpo dagoen zerbait: «Gizartean badago ahots propioaren eskaera bat; maila politikoan, esaterako. Normalean eskaera hau automatismoan erortzen da, hau da, konformatzen gara lau urtetik behin bozkatuta; baina azken egunetan ikusi dugu, adibidez, Maiatzaren 15eko mugimenduarekin, gure egunerokotasunean beste ahots bat sartu dela bat-batean. Eszena honek ere eskatzen du ahotsaren eta lengoaiaren beste erabilera bat, logozentrismoan eta diskurtsibismoan erortzen ez dena», azaldu du. «Komunikatzeko beste modu bat eta gorputza ulertzeko beste modu bat», finean. «Identitate itxi batera lotuta egon gabe, subjektibitate prozesuekin lotzen den gorputzaz» ari da ikertzailea arlo honetan.
Laburbiltzearren, Rozasek «ahots honen erabilera eta ahotsaren eskakizunaren ondorio estetikoak eta etikoak ikertu ditu maila estetikoan, maila artistikoan eta maila politikoan, zein ondorio dituen hitzaren presentzia honek eszenan».
Gizarte mailan gertatzen diren beste fenomeno batzuk islatzeko ere balio du, izan ere, dantzak: «Azkenean tesian dauden galderek beste gauza asko ulertzeko balio dute», baita «egunerokotasunean gorputza nola erabiltzen dugun eta ahotsa eta lengoaia nola erabiltzen ditugun» ulertzeko ere.