GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Pilota Bigarren Mailako Buruz buruko Txapelketa

Biziraupenaren eta promozioaren arteko lehia

Binakakoan jantzitako txapelari jarraipena eman nahi dio Mikel Olaetxeak, eta Kepa Peñagarikanok, bestetik, leku bat izaten jarrai dezakeela erakutsi.

p039_f01_148x108.jpg

Jon ORMAZABAL

Bigarren mailako txapelketek garai batean zuten garrantzia zertxobait galduta, gaur egun Promozio Txapelketa izena duten horiek pilotarien erakusleiho funtzioa dute gehienbat. Kepa Peñagarikano eta Mikel Olaetxea gipuzkoarrak lehia horretan sartuta daude buru-belarri, baina oso bestelakoak dira batak eta besteak duten promozio beharra.

Mikel Olaetxearen kasua, nolabait esatearren, bilakaera naturalago baten ondorioa da. Lizartzakoak lau urte daramatza profesionaletan, eta pixkanaka-pixkanaka estelarretako ateak jotzen ari da. Maila berrira egokitzeko beharrezkoa izaten den egokitze prozesua gaindituta, orain gutxi bigarren mailako binakako txapela jantzi zuen Jon Ander Albisu ataundarrarekin batera eta, pixkanaka, enpresa lehen mailako pilotariekin probatzen ari da mutila, bai partidetan bai entrenamenduetan. Oso urrutira joan gabe, asteartean Oinatz Bengoetxearekin aritu zen Donostiako Atano III.ean, leitzarrak Aimar Olaizolaren aurka jokatu beharreko partida prestatzen laguntzen.

Kontratuaren presioa

Oso bestelakoa da Kepa Peñagarikanoren kasua. 30 urterekin, beizamarrak ongi daki ez daukala gora egiteko modu askorik; berea bizirauteko lehia da. Aurten bertan bukatzen zaio Asegarcerekin duen kontratua, eta bere promozio lana barrura begirakoa da, enpresan leku bat izan dezakeela erakutsi beharraren presioarekin hasi zuen txapelketa hau eta horretarako zer hoberik txapela janztea baino. Hurrengo urtean lehen mailan jokatzeko aukera izatea negoziaziorako pisuzko argudioa izan daiteke. Oier Zearrarekin gertatu dena eta Eskudero edota Aratz Mendizabalekin gerta daitekeena kontuan izanda, edozein laguntza da ona.

Kepa Peñagarikanok berak atzo Euskadi Irratian azaldu zuenez, Rico IV.a eta joko bolada oso onean zegoen Ibai Zabala kanporatu izanak, oraingoz ez omen du eraginik izan enpresarekin izan beharreko negoziaketak errazteko, baina behin finalerdietara iritsita, txapela janztea besterik ez omen du buruan.

Bere kasuan, gainera, buruz buru jokatzea oso gustuko duen modalitatea da, nahiz eta batere modan ez dagoen joko molde klasikoa erabiltzen duen. Ez dago gainera, denboran oso atzera egin beharrik, kantxa osoan bakarka jokatzeko duen gaitasunaren froga bila. Egun buruz burukoan ia gaindiezina dirudien Xala kanporatu zuen 2006an Bergaran jokatutako final-zortzirenetako partidan, eta final- laurdenetan lan ikaragarriak eman zizkion gero txapeldun irten zen Juan Martinez de Irujori.

Tamalez, urte horretan goia jo ondoren, beizamarrak ezin izan dio joko maila horri eutsi, eta azken urteetan estelarrak baino, jaialdietako lehen eta hirugarren partida gehiago jokatu ditu; krisiaren eraginez, gainera, halako pilotarientzat gero eta leku gutxiago dago.

Molde zaharra berriaren aurka

Estiloan ere oso pilotari desberdinak dira bi gipuzkoarrak; Olaetxea aurrelaria egun modan dagoen sake-errematea erabiltzen saiatuko da; Peñagarikanok, aldiz, piloteoa luzatu eta tantoa gogortzeko hautua egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo