GARA > Idatzia > Kultura

Zazpi argitaletxeren berrikuntzak aurkeztuko dituzte Larrabetzun Literaturiaren hirugarren edizioan

Larrabetzuk «euskal letren asteburuan» parte hartzera deitu du, ekainaren 3tik aurrera Literaturiaren hirugarren edizioa ospatzeko. Liburu azoka, errezitaldiak eta bertso saioak antolatu dituzte, besteak beste.

Nerea GOTI | BILBO

Bi mila biztanle izatera heltzen ez den Larrabetzu bezalako herri txiki batean «euskal letren asteburu» berri bat prestatu dute ekainaren 3tik aurrerako astebururako. Ekimenak Literaturia izena du eta hirugarren aldiz ospatuko dute; beti bezala, ekaineko lehenengo asteburuan. Biztanle kopuruarekin hitz jokoa eginez, «2.000 eta hamaika gehiago» izango da aurtengo leloa, hamaika lagun gonbidatu nahi baitituzte Larrabetzura.

Atzo egin zuten aurkezpen saioan antolatzaileek nabarmendu zutenez, auzolanean prestatutako egitaraua izango da aurtengoa, eta «txikia» baina «dinamikoa» den euskal literaturari loturiko «plazera bermatzeko» ekitaldiak izango dira denak. Izan ere, Literaturia «euskarazko literaturaren plaza» deitzen diote, eta horren adibide izango dira zazpi argitaletxek estreinakoz eramago dituzten nobedadeak. Ekainaren 3an, eta batez ere komunikabideei zuzenduta, Susa argitaletxeak Iñigo Aranbarriren «Zamaontzia» aurkeztuko du. Bestetik, Joseba Tobar-Arbuluren «Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora» eramango du Utriusque Vascoaniek, eta Pamielak, Karmele Igartuaren «Itsasokontra bat».

Liburu horien aurkezpenak goizean izango dira argitaletxeetako ordezkarien eta idazleen parte hartzearekin, baina literaturiaren harrera ekitaldia 20.30ean izango da, Kukubiltxo antzerki taldearen eskutik. Ruper Ordorikak eta Hudaltzainak taldekoek musika zuzenean ipiniko diote letren asteburuaren lehenengo gauari.

Literaturaren inguruko gogoeta bultzatzea da Literaturiaren beste helburuetako bat, eta horri erantzunez, «irakurzaletasunaren transmisioa noiz eta nola egin behar den» aztertuko dute ekainaren 4an, larunbatean, Donostiako, Basauriko, Meatzaldeko, Larrabetzuko, Leioako, Iurretako eta Segurako irakurle taldeek.

Larunbat horretan bertan, eguerdi aldera, Goizalde Landabasok Txalaparta argitaletxearekin publikatutako «Banskit» aurkeztuko du eta Igelak «Decameron» ezagutaraziko du. Horiekin batera, Maiatz-ek Xabier Soubelet-en «Iza ote iza» aurkeztuko du eta Elkar-ek Alberto Ladron Aranaren «Zer barkaturik ez».

Igandean, bertso-trama

«Antzerkiak badu irakurlerik?» galderak beste mahai-inguru bati emango dio hasiera igandean. Egun horretan bertan, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga protagonista izango dituen bertso-trama literarioa izango da guraso elkarteek prestatutako bazkariaren ostean, eta beste ekitaldi ugariren artean egitaraua itxiko duen poesia errezitaldia nabarmendu dute. «Gure harridurarako jendetsua izan zen iazkoa», onartu zuten, eta horregatik formatu bera errepikatzea pentsatu dute, Miren Agur Meabe, Jon Benito, Paddi Rekalde, Asier Serrano eta Antonio Casado de Rocha Larrabetzura gonbidatuz.

Etxeko txikienei zuzenduta, ipuin kontalari ibiltari bat eta ilustrazio tailer bat iragarri zuten, besteak beste.

KONTZERTUAK

Literaturian ere badago musikarentzako tartetxoa eta, hori dela-eta, hainbat emanaldi antolatu dituzte aurtengo ediziorako. Besteak beste, Anari, Mursego eta Napoka Iriaren agerraldiak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo