GARA > Idatzia > Kultura

«Josetxo hargina»; herritar bat boterera nola iristen den kontatzen duen ipuina

Maider IANTZI | DONOSTIA

Elkar-en irakurle hasiberrientzako bildumako, Batelako, azken lana aurkeztu zuten atzo, herriko seme bat udalera, boterera, herritarren laguntzarekin nola ailegatzen den kontatzen duen istorioa. Antxiñe Mendizabal editoreak adierazi bezala, egunotarako aproposa, Bulebarrean kanpatutako lagunei oparitzeko modukoa.

Mitxel Muruak harria lantzen duen gizon indartsu baten ipuina idatzi du. Nola diren gauzak, azkenean alkate bilakatzen da. «Nola? Logika bat jarraituz». Literaturaren aldarrikapen eta jolas gisa definitu zuen lana. «Literaturarik gabe, nola egin umea moralaz jabetzeko? Zer dagoen ongi eta zer gaizki jakiteko? Gaizki dago lapurtzea, baina zergatik? Literaturak badauka hezkuntzan zeregina, eta ipuin txiki honetan badago aldarrikapen hori: erakutsiko dugu, baina has gaitezen gauzak kontatzetik». Funtzio hori kontuan izan du zarauztarrak, eta literatura transmisioa dela pentsatzen duenez, zerbait hartu eta uzten duena, ipuin tradizionalaren egitura hartu eta forma berri bat ematen saiatu da.

Ahalegin hori alferrik litzateke, ordea, Antton Olariaga irudigileak espiritu hori jaso ez balu, istorioari bizirik eman ez balio.

Testuinguruaz jardun ondotik, Usurbilgo marrazkilaria irudiez mintzatu zen. «Protagonista, Joxe, indartsua da, baina nola irudikatu? Esaten ez diren gauzetan oinarrituta: ez nekien bibotea zuenik, baina jarri egin diot, bizeps sendoak ere bai, nolako mailua egin erabaki dut, nola jantzi... Koherente izanez».

Perspektiba ere landu du. Jakinarazi zuenez, normalean perspektiba geometrikoa erabiltzen da, baina umeena psikologikoa da gehiago, eta horretan ere fidela izan da. Bestalde, haurrei ikaragarri gustatzen zaienez gauzak errepikatzea, behin eta berriz marraztu du indarraren keinua.

Haurrak ere izan dira idazle eta marrazkilari Elkarren Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketan. Hagitz kontent daude parte-hartzearekin eta larunbatean, 12.00etan, banatuko dituzte sariak megadendan bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo