GARA > Idatzia > Mundua

Behi-izurritea mundu osoan zeharo menderatzea lortu duela dio AOMEk

Etxalde bateko abelburu guztiak akabatzea ere lortu izan du behi-izurriteak sasoi okerrenetan. Garatu gabeko herrialdeek aski ezagunak dituzte birus horren ondorioak eta, hortaz, pozik jaso dute albistea. Birusaren lagin bat gorde dutela ere jakinarazi dute, badaezpada.

GARA |

Ganaduzaleek eta nekazariek ez dute behi-izurriteengatik zertan gehiago kezkatu; horren aurka hogei urtez borrokan aritu ostean, mendean hartzea lortu dutela eman baitzuen jakitera atzo AOME Animalien Osasunerako Mundu Erakundeak. Elkartearen 79. biltzarra ari dira ospatzen egunotan Parisen (Estatu frantsesa), eta bertako idazkari nagusi Bernard Vallatek nabarmendu duenez, munduko 198 estatuk dagoeneko ez dute gaixotasun horren arriskurik.

Hedatu zenetik egindako borroka dela-eta, atsegin handiz hartu dute horren berri biltzarrean ematea: «Jazoera historikoa dugu, behi-aziendentzat gaixotasunik hilgarriena izan baita hainbat hamarkadetan -bozkariatu da Vallat-. Lehen aldia da munduan animalien izurrite bat errotik kentzea erdiesten dugula; bere garaian nafarreriaren aurkako txertoa aurkitu zenekoaren pare koka dezakegu».

AOMEk defendatu duenez, nazioarteko erakundeei eta albaitaritza zerbitzuei esker lortu da izurritea kontrolatzea, zenbait herrialdetako baliabide urritasuna gailendu eta sendagaiak mundu osora heltzea ahalbidetu baitute. Jakinarazi dutenez, hainbat laborategitan behi-izurritearen birusaren laginak gordetzea ebatzi dute, etorkizunean beharrezkoak izan daitezkeelakoan.

Aspaldiko ezaguna

Aspaldian ezagutzen dira behi-izurritearen ondorioak munduan, Erromatarren sasoitik, behintzat. Kasurik okerrenetan, azienden %90 eta %100 hiltzera ere ailegatu da, garatu gabeko herrialdeetan, batik bat. AOMEren sorrera ere sustatu zuen, hain zuzen, birusaren hedatzeak, izurritearen agerraldi bortitz batek Europako zenbait herrialde mehatxupean ipini ostean.

albaitaritza

Duela 250 urte, 1761eko abuztuan, baimendu zuen Estatu frantseseko errege Luis XV.ak lehen albaitaritza zentroaren sorrera, behi-izurriteak herrialdeko ganaduaren %90 hil ondoren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo