Ahaztutako erraldoiak
Lander GARRO
Idazlea
Sasitan ibiltzen ikasiak gara, legeen mugetatik urrun, saguzarren tenorean. Historia liburuei hautsa kentzen hasita, gure heroi guztiak ageri zaizkigu basoetan korrika, txutxu-mutxean, harrien arteko zuloetan ostatu hartuz, arrakaletako maizter betiereko. Gure heroien hoteletako hormak goroldioz beterik daude. Halaxe ibiltzen zaildutakoa zen Manuel Iturrioz: baserrian jaioa, gerran errepublikarren gerrari hertsiki lotua, Intxortako guduan bonba artean saltoka ibilia: gerlari petoa izan zen. Gerraren hondarrak Ebro aldean pasatu ondoren, mugalari hasi zen, Comete sare famatuan lagunduz: Dedee, Franco eta beste erresistentzia kideekin. Saguka ibiltzen zen mugako karabineroekin, baina beti egiten zien iskin, iaioagoa eta trebeagoa zelako: bere etxea zen. Mugako zelatariak arrotzak ziren, eta arrotzak izango ziren beti. Berriki, Manuel Iturrioz zenaren memoriak eman dituzte argitara, Joxemari Iturrioz ilobak eta Andoni Iturrioz semeak apailatuta. Bitxia Andoni semearen istorioa ere: Parisen hazi eta heldua, erretreta hartzera itzuli da bere sorterrira. Senperen bizi da egun, eta artisten laguntzaile aritzen da. Bere etxean daukate Iparraldeko Bertsularien Elkartekoek ere euren egoitza. Paristar tankera dotorea dauka gizonak, baina euskararekiko eta kulturarekiko atxikimendu bortitza ere bai. Badu musikan aritzen den seme bat, Andoni izenekoa hau ere, Je Rigole taldearekin Parisen musika garaikidea egiten duena: chançon français delakoa gaurko soinuekin nahasten du. Errepara iezaiozue bideari: Orexa izeneko herri txikian hasi zen, euskaraz baizik ez zekien baserritar baten borrokarekin, mugan gelditu zen hainbat urtez, eta Parisen jarraitzen du gaur egun, hango teatroetan, lizeoetan eta taberna zuloetan... Gure historia ofizialari ihes egindako historia, hau ere bai!