Maite
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Oholtzak zeu jan edo zeuk irentsi oholtza? Jendeak zeu kikildu edo zeuk jendea poltsikoratu? Musikariak mendeak daramatzate oreka topatu nahian. Zintzotasunak eta eskarmentuak aparteko munduak dirudite. Heavyak bezala janzten diren kantari melodikoak, iraultzaile milioidunak, gandorra alde batetik bestera mugitzen duten banda militarren zuzendariak. Erantzun aproposak, egokiak, topatu ezean, lasai, hamaika trikimailu daude ikuslea aho zabalik artistari begira edukitzeko. Hau meza santua bezalakoa da eta ez dago erreparorik (aurrekontuarena izan ezik) edozein erritu, teknologia edo zitalkeria erabiltzeko jendea, izarrari, eta ez izarrei, so egon dadin.
Zertara datorren hau? Bada, hain zuzen ere, Maite beste muturrekoa dela. Irudimena eta neska zintzoaren aura, pixka bat «francaise», atrebentzia barkatzen badidazue. Ezer gutxi gehiago behar du eszenatokia betetzeko. Bakarrik dago eta orkestra oso bat dagoela dirudi, geldirik dago, ez baita altxatzen, eta inguruan dantzari taldea balu bezala begiratzen diozu, apur bat hipnotizaturik. Ez du hitz egiten kasik, eta hamarnaka esaldi iristen zaizkizu, argi, ez dakizu oso ongi nondik. Agian, gehiegizkoa da esten ari naizena. Baina magiko samarrak dira Maiteren emanaldiak.
Eta neska apala basapiztia ere bihur daiteke txelo rif inozente bat hamaika aldiz errepikatu eta ahotsarekin haizea astintzen duenean. Begira zer gutxi. Baina horrela aretoa oholtza erdian eserita eta mikrofonoaren gainean makurtuta dagoen neskatxa gazte baten etxeko gela bihurtzen da. Amarrurik gabe. Horrela, geu ikusleak, Maiteren mundu arraro eta apur bat gordin baina familiartekoaren partaide egiten gara. Inongo apaiz edo xaman mistikoren gidaritza beharrik gabe.
Txapinak jantzita joango naiz Maiteren hurrengo emanaldira, zin dagizuet.