GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aiala Elorrieta Agirre Bartzelonako Haserretuen Mugimenduko kidea

Milaka haserretu

Bene-benetako demokraziaz ari bagara, Egiazko Demokrazia Orain mugimenduaren agendan, dudarik gabe, «herrien autodetermi- nazio eskubideak» bere lekua izan behar du

Bizitzen ari garen krisi sakon honetan, asko dira elite politiko eta ekonomikoak izkina guztietatik ziria sartu nahi digutela esaten diguten ahotsak. Ahots kritiko horiek ohartarazi digute aipatutako eliteek adarra jo digutela erabaki politikoak direnak soluzio ekonomiko «magiko» gisa saldu dizkigutenean, eta ostean, globalizazioaren izenean, erabakiguneak gure eskuetatik urrun daudela esanez eskusatu direnean. Azken egunotan baina, dagoeneko ehunka plazatara batu garen eskuok, badaukagu zer esan. Gormutuen hizkuntzako keinuak herritarron eskuotan hedatzen ari dira, Euskal Herriko, Estatu espainoleko, Marokoko, Europako eta mundu osoko herrialdeetako hirietako plazetan, eta keinu ezberdinak erabiliaz nazkatuta gaudela eta mobilizatu gaitezkeela erakusten ari gara. Edo behintzat, ahalegintzen ari garela.

Mugimendua Bartzelonako Plaça Catalunyatik bizitzea tokatu zait, baina arreta gure hirietako plazetan ere jarrita daukat. Era askotako jendea batu da iniziatiba honetara: ibilbide politiko intentsua duten pertsonak, immobilizatuta egon direnak, ekologistak, erabat apolitikoak direnak, sindikalistak, ezkerrekoak, internazionalistak, abertzaleak eta ez-abertzaleak, feministak, jende gazteago eta helduagoa... Saltsa honetan guztian jatorri ideologiko ezberdina duen jendea batu gara, elkartuta zer esana eta zer egina badugulako. Adostasuna ez dagoen beste gai askotan debatea bultzatu nahi delako, ideia guztiek bere lekua izan dezaten saiatzeko.

Batzuk banaka, besteak lagun koadrilarekin, eta beste batzuk eguneroko bizitzan militante diren taldeekin batera hurreratu dira kanpaldietara. Baina ahoz aho, komentatzen ari da ezkerreko independentisten «blokea» non ote dagoen, nolabaiteko gabezia sumatzen dela. Hau gure borroka ez delako. Gurea revolution honetatik kanpo dagoen aparteko borroka delako. Geure burua Espainiako Estatuaren markotik kanpo ikusten dugun heinean, mugimendu honetan inplikatzea bateraezina delako. Kanpaldietan batuta daudenei ere badagokie ezkerreko independentisten «blokea» parte hartzera animatzea, denontzako lekua dagoela ikustaraztea. Errezeloak, aldebikoak dira seguruenik. Ezkerreko zenbait sektorek mesfidati begiratzen gaituztelako abertzale, independentista edo nazionalista garenoi. Munduko hiritarrak garelako, mugetan sinesten ez dugulako. Badatoz betiko independentzia eskakizunekin.

Plazetan antolatutako komisio eta asanbladatan defendatzen diren puntu gehienek, mugarik gabe ukitzen gaituzte bai euskaldunok, baita inguruko eta munduko beste pertsonak ere. Horretarako, mugimendua munduko zenbat herrialdetara hedatu den ikustea besterik ez dago. Ez da Euskal Herrira mugatzen den arazoa, ezta Estatu espainolari soilik dagokion asuntoa ere. Batzar publikoon dianaren erdigunean, erabakigune instituzionalak jarri dira, elite ekonomikoak. Mundu mailan boterea duten lobby ekonomiko-finantzarioetatik hasita, udaletako gobernuetara; Europar Batasuneko erakundeetatik, administrazio autonomikoetara, Estatu espainoletik, multinazionaletara...

Oraingoan, egiazko demokraziaren defentsan, erabaki gunea plazetara hedatu dugu, eta auzoetaraino hedatzea da hurrengo helburu nagusia. Maila lokalenetatik abiatuz, aipatutako maila instituzional guzti-guztiak dira jomuga, hurbilenekotik, urrunenekora, bidean bakar bat ere utzi gabe. Ipar zein Hego Euskal Herrian, horietako batzuk partekatzen ditugu inguratzen gaituzten beste herrialdeekin.

Asanblada hauetan, hauteskunde legea aldatu beharraz diskutitzen denean, krisiari aurre egiteko inposatu zaizkigun lan eta pentsio erreformak kritikatzen direnean, monarkia abolitu beharraz hitz egiten denean, guri ere kalte egiten diguten asunto larriez ari gara.

Pertsona edo herri bakoitzak, bere testuinguru zehatzaren, identitate indibidual eta kolektiboaren arabera, bestelako errebindikazioak jorratuko ditu, dagokion gobernu lokal, diputazio, jaurlaritza eta botere-finantzarioaren politikak kritikatuz. Ez dezagun ahaztu, maila lokal eta autonomikoetako erakundeetatik ere gure ongizatean eragiten duten politika eta erreformak aplikatzen ari zaizkigula, eta, eskala txikian bada ere, gure «finantza» sektore propioa, eta enpresa-lobbyak ere badauzkagula. Guzti hori esanda, Egiazko Demokrazia Orain mugimenduaren agendan, dudarik gabe, herrien autodeterminazio eskubideak bere lekua izan behar du, bene-benetako demokraziaz ari bagara.

Mugimendu honen barruan egiten diren batzar erraldoietan euskara bezalako hizkuntza minoritarioek lekurik ez dutelako, borroka honetatik kanpo ikusten dute haien burua beste batzuk. Euskaraz bizi nahi dugunok, badaukagu eskarmentua eguneroko bizitzan euskarak bere espazioa izatea defendatzerako orduan; lan munduan euskararen espazioa erreklamatzen dugunean, dendatara edota administrazio publikoen bulegoetara euskaraz jotzen dugunean, lagun talde handietan euskaraz egiten dugunean, euskal komunikabideak defendatzen ditugunean... Horrelako testuinguruetan erraz gailentzen den beste hizkuntzekin elkarbizi gara, eta elkarbizitzen ikasi dugu. Euskararen aldeko defentsa eguneroko lana da. Kanpaldi hauetan ere, euskaldun eta euskaltzale garenoi dagokigu euskararen presentziaren alde egitea.

Etengabe hedatzen ari den mugimendu honek izen ezberdinak jaso ditu. Gauzak deitzeko moduak badu bere garrantzia, noski, eta zaindu beharra dago betiere, ahalik eta sentsibilitate gehienak taldearen parte senti daitezen. Spanish revolution? Aurretik erabakigune instituzionalen maila desberdinak aipatu ditudan arren, olatuak berak ez luke hierarkia geografikorik izan behar. Mugimendua eremu jakin batean sailkatzea arriskutsua izan daiteke, eta, agian, komunikabideetan ugaldu diren izenen artean, beste batzuk dira egokiagoak. M-15eko mugimendua, haserretuak, evolution. Edota (...) revolution deitzen duenik ere badago.

Erreparorik gabe, inolako konplexurik gabe olatu honetara animatu nahiko nituzke oraindik hurbildu ez direnak. Egiten dena ikustera, parte hartzera, nork bere lekua topatzera. Edo behintzat, ahalegintzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo