GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Adin mugarik gabeko lehiaketa: munduko txanpero txapelketa

Gure kostaldean izan ziren lehen surf taulak izan ziren txanperoak. Ingalaterran, urtero egiten dute munduko txanpero lehiaketa.

p054_f03_148x144.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Gero eta ohikoagoa da itsasoan antzinako surf taulak ikustea. Aspaldiko gauzak denboraren poderioz berriz itzultzen omen dira, eta horixe bera gertatzen ari da surf munduan ere. Martxa honetan, datorren udan, aspaldiko partez, txanperoak ikusiko ditugu gure hondartzetan.

Txanperoa, 1950eko eta 80ko hamarkaden artean, Euskal Herriko kostaldean gehien ikus zitekeen ohola izan zen. Europa osoan egin den lehen surf taula dela esaten du askok. Hortaz, Biarritzeko hondartzetan zinemagile australiarrek erabili zituzten lehen surf taula handi haiek baino lehenagokoak dira antza.

Ez dute gainean zutik jartzeko balio, baino egiteko oso errazak dira, nahikoa baita egur xafla bat; eta gainera, elurretan irrist egiten ibiltzeko ere balio dute.

1980ko hamarkadan, kortxozko paipo famatua agertu zenean, ia desagertu egin ziren txanperoak, baina azken urteetan berriz ere indarra hartzen hasi dira. Izan ere, gero eta ohikoagoa da jendea txanperoekin ikustea. Gazteentzako kirol tresna dirudien arren, adin guztietako jendeak erabil dezake txanperoa, horren adierazle da Ingalaterran urtero egiten duten munduko belly board txapelketa.

«Belly board»

Horrela esaten diote Ingalaterran txanperoari. 50eko hamarkadan, hegoaldeko euskaldunek Biarritzeko Cote de Basque hondartzan lehen aldiz jendea txanperoarekin ibiltzen ikusi zutenean, body surf esaten zioten; baina gero, egurrezko txapa finarekin oholak egiten hasi ziren, eta hortik datorkio txanpero izena.

XX. mendeko lehen hamarkadan egin zituzten txanperoak aurrenekoz Ingalaterran. Lehen Mundu Gerratik etxera itzultzen ziren soldaduek, Hegoafrikako, Australiako eta Hawaiiko istorioak kontatzen zituzten. Gauzak horrela, zenbait soldadu britainiarrek, paipo hawaiiarra eredutzat hartuta, egurrezko lehen txanperoak egin zituzten.

Ingalaterrako hondartza batean (Chapel Porth), urte asko daramate txanperoarekin olatuak hartzen, eta 2002. urteaz geroztik, munduko txapelketa egiten dute.

Munduko txapelketa

Lehen txapelketa Arthur Travellerren oroimenez antolatu zuten. Arthur Traveller londrestarrak, Chapel Porthen igarotzen zuen uda, eta egunero itsasoratzen zen txanperoarekin olatuak hartzera. Ezaguna egin zen herrian txanperoarekin ibiltzeko zuen zaletasunagatik, eta horregatik oroitu ziren berarekin txapelketako antolatzaileak lehen edizioan; haientzako erreferente bat izan zelako, alegia.

Lehenengo urteetan parte hartzaile gutxi izan arren, gaur egun, adin guztietako jendeak hartzen du parte lehiaketa bitxi honetan. Azken bi urteetan, esaterako, berrehun lagundik gora bildu ditu ekimenak.

Iaz berriz, Mary Adkins izan zuten gogoan. Maryk 60 urte baino gehiago egin zituen Polzeatheko itsasbazterrean bizitzen. Gerra garaian Egipton egin zituen lau urteak kenduta, bere bizitzako denbora gehiena kostaldean egin zuen eta igeriketarekin batera, gustuko zuen beste gauzetako bat txanperoarekin olatuak hartzea zen. Ingalaterrako ur hotzetan neopreno gabe itsasoratzen zen belaunaldikoa zen Mary, eta haren garaiko bainujantziak irudikatzeko asmoz mozorrotzen dira egungo parte-hartzaileak ere. Gainera, Mary Adkinsek utzi zuen ondarearen artean elkarte bat ere bada eta honek babestu zuen, diruz lagunduz, iazko txapelketa.

Arauak: Umorea

Txapelketako arauak oso sinpleak dira. Lehiakide bakoitzak txanperoa, antzinako bainujantzi deigarri bat eta umore pixka bat baino ez ditu behar. Neoprenozko ur-jantziak ez dituzte onartzen; izan ere, hasierako txanperozale haiek nola ibiltzen ziren irudikatu nahi dute txapelketarekin.

Zortzi pertsonako txandak antolatzen dira, 10 eta 15 minutukoak. Ez dago arau zorrotzik, ez denborari dagokionean, ez lehiakide kopuruari dagokionean. Guztira, 20 eta 30 txanda inguruk osatzen dute lehiaketa. Epaileek estiloa eta ariketak egiterakoan lehiakideak erakusten duen ziurtasuna hartzen dituzte kontuan. Ohiko surf txapelketetan bezala, ariketak olatuaren eremu kritikoenean egitea ere irizpide garrantzitsua da epaitzerako orduan.

Ingelesen jokamolde eta manerak oso famatuak dira mundu osoan, horregatik txapelketa hau egiterako orduan ere oso ongi zaintzen dituzte formak. «Lehenik emakumezkoak» dioen erregela, txapelketako eremu guztietan lehen premisa da, horregatik egiten dituzte lehenik emakumezkoen txandak.

Adin nagusitasunaren errespetuzko norma ere aintzat hartzen dute, baina modu bitxi batean, 60 urtetik beherakoak hartzen baitituzte gaztetzat. Bi kategoria nagusi daude, gazteak eta helduak. Gazteek Junior kategoria osatzen dute (60 urtera arte) eta helduek, berriz, Senior kategoria osatzen dute (60 urtetik gorakoak).

Aurtengo udan surf egiten hastekotan denarentzat, horra lehen urratsak emateko adibide ezin hobea. Olatuak, bainujantzia, egurrezko txanperoa eta umore ona, hasteko ez da beste ezer behar, eta gainera, ingelesek frogatu duten moduan, adinak ez du axola.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo