GARA > Idatzia > Kirolak

ITSASOA

Carissa Moore eta Adriano de Souza WCT zirkuituko lehen postuetan

p054_f02_97x80.jpg

H.L.A. I

Brasilen egin berri duten munduko txapelketak sailkapen nagusiko postuak goitik behera aldatu ditu. Billabong Rio Pro munduko surf txapelketako irabazleek rankingeko lehen postuak eskuratu dituzte.

Lehenik neskak lehiatu ziren. WCTko nesken rankinga osatzen duten zazpi txapelketetatik, bosgarren geldialdia izan da Brasilgoa. Orain arteko txapelketa guztietan finalean izan diren bi lehiakideak izan ziren buruz buru azken lehiaketan ere, Carissa Moore hawaiiarra eta Sally Fitzgibbons australiarra.

Bai Sallyk, bai Carissak, bina txapelketa irabaziak zituzten, eta horrenbestez, Brasilgoa proba erabakigarria zen sailkapen nagusiko lehen postua nork eskuratuko zuen jakiteko. Carissak irabazi zuen txapelketa, eta horrekin batera, rankingeko lehen postuan kokatu da.

Mutilen kasuan ere Rio De Janeiroko txapeldunak hartu du rankingeko lehen postua. Maiatzaren 20an Barra da Tijucako hondartzan egin zuten finalean, Adriano de Souza brasildarrak Taj Burrow australiarra garaitu zuen.

Orain arte rankingeko buru zen Kelly Slaterrek berriz, lehen postua galdu zuen Bobby Martinezek laugarren errondan kaleratu ostean. Orain, Kelly hirugarren postuan dago WCTko sailkapen nagusian, eta pixkanaka gero eta orekatuago dago lehiakideen zerrenda. Jada ez dago gainontzeko kideei alde handirik ateratzen dien lehiakiderik.

Hurrengo txapelketa uztailaren 14a eta 24a bitartean egingo dute Jeffreys Bayko eskuin olatu bikainean, Hegoafrikan. Orain artean ez da sorpresa handirik izan, baina Brasilgo txapelketaren ostean gauzak asko aldatu dira; izan ere, ohiko irabazleak ez diren gainontzeko lehiakideentzat ateak parez pare irekita geratu dira, lehiakideek bildutako puntuen artean alde handirik ez izateak aukera anitz zabaltzen baitu. Benetako lehia orain hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo