ITSASOA
Mark Visser, «Txino» eta Beethoven
SURFLARI ERNEGATUA I
Oihartzun handia izan dute Mark Visser olatu handietako surflariak egin berri duen bideo batean, olatu erraldoietan surf egiteko nola prestatzen den erakusten duten irudi ikusgarriek.
Igerileku batean ariketa desberdinak egiten ikus dezakegu. 90 segundo ur azpian geldirik egin ostean, arnasarik hartu gabe, 50 metro egiten ditu buzeatzen irudietako batean.
Ez dira edonork, edonola egiteko ariketak. Mark Visser ibiltzen den bezala ibiltzeko, egin beharreko prestaketa ariketak dira.
Irudi horiek ikusita, orain hamar urte ezagutu nuen lagun batekin oroitu naiz. 2001. urteko udaberrian Mexikon izan nintzen, eta han, Txino deitzen genuen gizon bat ezagutzeko zortea izan nuen. Gure bideek bat egin zuten hilabetez, gero norberak bere bidean jarraitu genuen eta ordutik ez dugu elkarren berririk izan.
Qintana Rooko mexikar hark moluskuen perlak bilatzea zuen lanbide, oso gaztetatik. Yucatango itsas hondoetan, koral eta marrazo artean aurkitzen zituen moluskuen perlak bildu eta Cancun hiriburuan saltzen zituen oraindik, nik ezagutu nuenean. Berak ere ez zekien zenbat urte zeuzkan, baina mende erdia itsaspean igaro zuela esango nuke.
Lau eta bost minutu egin ohi zituen ur azpian. Aiztoa, uretako betaurrekoak eta bainujantzi higatu bat baino ez zituen. Marrazoren bat agertuz gero zer egiten zuen galdetu nion behin, eta sekretua, marrazoa bera baino beherago, geldi-geldirik egotea zela erantzun zidan.
«Eta marrazoa joaten ez bada? Biriketako haizea ez da betiko...», esan nion. Barrez erantzun zidan; «Gorantz joko banu, orduan bai, betiko desagertuko nintzateke».
Juan Carlos Onetti idazle uruguaitarrak esango lukeen moduan: «Beethoven Tacuarembon jaio izan balitz, herriko musika bandako zuzendari izatera iritsiko litzateke». Zer zatekeen Txino, munduan gutxiengo batek ditugun pribilegioak izan balitu?