GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

«Ez, ez dut nahi»

Lehenik eta behin, esan dezadan ez naizela ezkontza zalea. Ez naiz, batetik, bi pertsonak elkarrekin egon nahi izateak eta elkarri egunero berresteak inoren aurrean egiteak baino xarma handiagoa duela iruditzen zaidalako, eta bestetik eta batik bat, munduaren alde honetan, behintzat, negozio zurrupatzaile hutsa baino ez delako, amodioaren ospakizunaren aitzakiapean.

Egia esan, bizi garen kontsumo-gizarte honetan, dena negozio bihurtuta eta berri eta modernoari baliorik gorenena emanda, ezin zitekeen gutxiago espero ezkontzetatik. Are gehiago, gizarte mota honen adibide ezin hobeak direlakoan nago: egun bakarrerako erabilera bakarreko guztia, dirutza ederki eta gustura xahututa -ezkontideek eurek eta baita senide eta lagun maiteek ere, halabeharrez- bestelakorik planteatu eta hausnarketari minutu erdi ere eskaini barik. Zenbat negozio ez ote diren ezkontzen inguruan bizi, ezkontzak, harrigarria bada ere, etengabeak diren heinean, eta jakina, «bakarrak» direlako ideia saltzearen kontura, hain une berezia izanda gogoangarria eginarazi beharreko betebeharra benetakoa bihurtuta.

Kontuari erreparatuz gero, azkar konturatzen da bat horien protagonista bakarra emakumea dela, eta ondorioz, inguruko publizitatearen hartzaile nagusia. Eta ezkontza perfektua saltzeko orduan, emakumeari esleitzen zaizkion ezaugarri guztiak esplotatzen direla, antzinako rol sexualak modernitatez eta «egungo emakumearen irudiaz» mozorrotuta. Finean, baina, emakume ederra, hauskorra, goxoa eta printzesa hutsa sustatuta. «Egun bakar batez zu izango zara begirada guztien jomuga, beraz, hobe duzu sekula baino ikusgarriago agertzea ezagutzen zaituzten guztien aurrean», marketin-kanpaina ororen funtsa, egun horretako itxurak eta besteei eskainitako jaki eta festak betiko markatuko bagintu bezala, edozein emakumeren egunik handi eta esanguratsuena bihurtuta. Horretan bai, horretan emakumeon parte-hartzea, gizonak inolako itzalik egin barik, egongo ez balitz bezala, ezinbestekotzat jotzen da, komentatu, baloratu eta konparatu egiten da.

Ezkontzen denboraldi bete-betean aurkitzen gara, nonahi ikus ditzakegu despedidak -irudi esperpentikoagorik ba ote den galdetzen diot nire buruari-, trajeak, soineko dotore bezain absurduak, betiereko maitasuna goraipatzen nekatzen ez diren mozkorrak, edo okerrago dena, mozkortu gabeak... Ezin izan diot gaia ateratzeari eutsi. Penagarria iruditzen baitzait zer nolako zirku surrealistaren mende jartzeko erraztasuna, eta ez hori bakarrik, poza ere, dugun. Zer nolako erabakimenez gauden prest sortu eta saldu dizkiguten ilusioak betetzeko, kide sentitzen ez garen artaldeari jarraitzeko, une bakar bezain irrealari hainbesteko babesa emateko. Eta esan dezadan, baita, «maite zaitut, baina ez dut zure zirku ulertezinean parte hartu nahi» esateko zailtasunak ere dezente pentsarazten didala. Ezkontzak kontsumo-gizartearen adierazle perfektuak iruditzen zaizkidan bezala, hain zuzen horri uko egiteko ezintasunak ere zer jendarte mota iraunarazten ari garen erakusten duela uste dudalako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo