Ixabel Etxeberria | Irakaslea
EHk merezi duelako!
Abertzaletasuna biltzailea da, norabide argia du, nazioa eraiki nahi du. Denok dugu tokia bere baitan Euskal Herriari ezagupena aitortzen bazaio
DSK gora DSK behera, frantses alderdi sozialista putzura doa. Azken asteetan alderdiaren hautu harrigarriez herritar guztiak jabetu dira. Alderdiak norengan konfiantza jarria zuen ikusi dugu. Ez dute beste alternatibarik. Ez dute proiekturik, nahiz eta horretaz arituko direla dioten. Ez dira gai herritarren baitan esperantza pizteko. Ondorioz, datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak eskuinen arteko lehia gisa helduko zaizkigu, inongo perspektiba gehiagorik gabe.
Hau ba ez dela aukera! Ea indignados edo indignés delako horiek ateratzen diren Estatu frantseseko plazetara, egoera ez baita samurra, gaurko presidentearen onerako. Honek bai planifikatu duela bere kanpaina; bere anderea haurdun dago, storytellingari kapitulu berria irekiz, bikote bikainaren inguruan, datozen hilabeteetan prentsa guztiari zer konta eskainiz. Bigarren mandatua nahi du Nikolasek, eta indar guztiak bilduko ditu gaur egun sondeoetan dituen emaitzen igotzeko.
Sorpresak Euskal Herrian izan ditugu, onak, aspaldian ez bezalakoak. Dudarik gabe, Ipar Euskal Herrian ere ondorioak izanen dituzte, abertzaletasunaren indarrak oihartzuna izanen du hemen ere. Herriak zioena interpretatzen eta gauzatzen jakin du Bilduk, pozez bete gaitu, azken 30 urteetan eramandako lanak fruituak ekarri baititu. Abertzaletasuna biltzailea da, norabide argia du, nazioa eraiki nahi du. Denok dugu tokia bere baitan Euskal Herriari ezagupena aitortzen bazaio. Denekin lan egiten jakinen dugu mundu honetan, Europa honetan toki bat onartzen bazaigu.
Batera instituzioaren beharra azpimarratzera atera da. Formula desberdinak aipatu ditu iritzi desberdinak agertuz. Ororen buru debateak jarraitzen du, azterketa eta aukera desberdinez iritziak plazaratzen dira, baina Estatuak entzungor jarraitzen du. Erran nahi baitu hemen borondateak gero eta argiagoak direla, lan handia egin dela aukera legalen aztertzeko, jorratzeko, zabaltzeko, debatitzeko, aukera sinpleenak ere aipatzen dira; alegia, oso txintxoak garela eta Estatua ez dugula sobera astindu nahi, tokiko ultra frantses nazionalistak ere ez. Baina, tirrit, ez digute kasurik egiten!
Instituzioa hizkuntzaren ofizialtasunik gabe pentsatzeak ez du zentzurik. Hizkuntzak gaitu lotzen, hizkuntzak egiten du kulturaren funtsa, gure nortasunaren oinarria eta euskaldun egiten gaituena da. Hori da gure gerorako lotura nagusia; bi zutabe horiek funtsezkoak ditugu, hizkuntza eta instituzioa. Horregatik, Maitiak EEPren ardura hartu duen egunean euskararen lege gerizaz galdetu zaiolarik, EEPren betekizunetan ez zela sartzen erantzuten jakin du, mihian bilorik gabe. Sozialistek ez baitute beren programan euskararen etorkizunerako proiekturik!
Guk proiektuak ditugu. Mila hautetsi baino gehiago izanik Bildun -abertzale guztiak elkartuz askoz gehiago-, Udalbiltza sortu zeneko izpiritu bera berpiztuko dugu, baitezpadako instituzioa sortuko dugu. Hori da Euskal Herria batzen duena, euskalduna eta gurea, inoren meneko. Aurreko urratsetan horrenbeste sufritu duten guztien omenez, bidea erakutsi digutelako, Euskal Herriak merezi duelako.