AIZKORA Urrezko Lehiaketa
Zutikako enborrek erabaki dituzte bi finalerdiak
Aitzol Atutxa eta Juanjo Lopezek lortu dituzte bi aste barru Azpeitian jokatuko den finalerako txartelak.
Jon LEUNDA I
Aitzol Atutxak eta Juanjo Lopezek lortu zituzten hemendik bi aste barru Azpeitian jokatuko den finalean izateko txartelak. Bi finalerdietan, gainera, zutik jarritako enborrak erabakigarriak izan ziren. Bi neurketak Leitzan jokatu ziren, eta sarrera nahiko polita izan zen.
Aizkolariek lan ezberdinak egin behar izan zituzten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko lana. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztuz lehiatu ziren. Hirugarren lanean, kana-erdikoa zutik jarrita moztu zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Bosgarrengoan, 45 ontzakoa zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita moztu behar izan zituzten. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako izan zituzten aurrez aurre.
Azurmendiren eta Lopezen arteko deman, zutikako bi enborrek erabaki zuten lehia. Lehenengoan 36 segundo kendu zizkion Lopezek, eta bigarrengoan, berriz, 40 segundo.
Gainerako lanetan Azurmendi gehiago izan zen, baina iraupen probara minutu bat atzetik sartu zen. Une batez 41 segundotako tartea izan arren, ezin izan zuen aldea gainditu, nahiz eta beste egur bat gehiago izan balitz Azurmendi sailkatuko zenaren errezeloarekin geratu ziren zaleak. Lopezek lan guztiak 18 minutu eta 58 segundotan burutu zituen, eta Azurmendik, berriz, 19 minutu eta 33 segundotan.
Beste neurketetan ez zen kolorerik izan, Atutxak oso erraz hartu baitzuen mendean Rekondo. Azken honek bere egunik txarrenetakoa izan zuen. Zutikako lanetan ongi moldatzen den aizkolaria da, baina atzo lehen zutikakoan sekulako aldea kendu zion Atutxak, eta berak ezin izan zion horri bueltarik eman. Etxean aritzeko presioa ez zuen gainditu, eta atzokoan ez zen izan denok ezagutzen dugun Rekondo. Kolpekakoa irabazi zuen, baina hortik aurrera oso motel aritu zen. Erlojuz kontrakoa bi segundogatik galdu zuen, baina zutikako lehen lanean 50 segundo kendu zizkion Atutxak, saioa ia erabakita utziz.
Zutik eta etzanda aritzeko lanean bi minutu eta bi segundo atera zizkion Atutxak, eta, une horretan, Rekondok ez zuela jarraituko esan zuen. Azkenean ingurukoek animatu zuten, eta leitzarrak lan guztiak burutu zituen, nahiz eta atzo ez zuen izan bere egunik onena. Lan guztiak amaitzeko, 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 24 minutu eta 10 segundo Rekondok. Datorren igandean hirugarren eta laugarren postua jokatuko dute Ziordian, baita Larretxearen eta Atutxaren arteko 23 urtez azpikoen finala ere -azken honek maila nagusikoa ere jokatu du-.