Harri-jasotzea txinga proba
Aimar Irigoienek inongo arazorik gabe jantzi du Gipuzkoako txapela
J.L. I
Aimar Irigoienek ez zuen inolako arazorik izan Gipuzkoako txapelari eusteko. Errezildarrak ia mila kilo kendu zizkion bigarren postuan sailkatu zen Urrutiari. Honek ere sekulako itxura eman zuen, eta etorkizuna baduela erakutsi zuen.
Kirolari bakoitzak 125 kiloko zilindro berria, 112,5 kiloko harri kubikoa eta 100 kiloko bola erabili zituzten. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten. Irigoienek 32 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 20 kubikoari, eta 28 bolari. Guztira, 9.050 kilo bizkarreratu zituen.
Jexuxmari Urrutia sailkatu zen bigarren postua. Endoiakoak 30 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 18 kubikoari eta 25 bolari. Horrekin bigarren postua eskuratu zuen. Denetara 8.275,5 kilo berdindu zituen bizkarraren gainean.
Hirugarren postuan amaitu zuen Telleria II.ak. Urnietarrak berriro ere lan bikaina egin zuen. Zilindroa 24 aldiz jaso zuen. Kubikoa, berriz, 18 aldiz, eta, bola, azkenik, 25 aldiz. Guztira, 7.525 kilo berdindu zituen bizkarraren gainean.
Laugarren postuan Unai Lertxundi geratu zen. Berak zilindroari 24 jasoaldi eman zizkion, 16 kubikoari, eta bolari, berriz, 21. Guztira 6.900 kilo berdintzeko modua egin zuen.
Azkeneko postuan Aimar Galarraga sailkatu zen. 17 jasoaldi eman zizkion zilindroari, 9 kubikoari, eta bolari, berriz, 13. Oriokoak guztira 4.437,5 kilo berdintzeko modua egin zuen.