txinga proba
Agirregabiriak berriro ere aurkaririk ez duela argi eta garbi utzi du
J.L. I
Juanjo Agirregabiriak aurkaririk ez duela argi eta garbi utzi zuen herenegun Urnietan jokatu zen Gipuzkoako Txinga Txapelketan. Izan ere, debarrak sekulako aldea kendu zien gainerakoei.
Esku bakoitzean 50 kiloko txinga bat hartu eta ahalik eta metrorik gehien egitea zen denen helburua. Agirregabiria zen aurreko urteetako txapelduna, eta alde handiarekin lortu izan du, gainera, garaipena. Herenegun ere ez zen gutxiago izan, faboritoa izateaz gain, gainerakoei koska handi bat ateratzen diela erakutsi baitzuen. Guztira 25 plaza egin zituen. Pasa den urtean baino marka hobea egin zuen orotara, eta Euskal Herriko txapelari eusteko faborito nagusia dela argi eta garbi ikusi zen beste behin ere.
Andoni Zubiaurre sailkatu zen bigarren postuan, baina debarrarengandik oso urruti, honek guztira 11 plaza eta 17,70 metro egin baitzituen. Beraz, txapeletik oso urrun geratu zen.
Hiru kirolari bakarrik lehiatu ziren, eta hirugarren postuan Juanjo Aguado sailkatu zen. Honek 8 plaza eta 18,55 metro egin zituen guztira. Beraz, argi ikusten da Agirregabiriak zer-nolako aldea kentzen dien gainerako lehiakideei.