KRONIKA | IBILALDIA 2011
Euskararen traineruak milaka arraunen babesa jaso du Ondarroan
guraldi aparta lagun, milaka eta milaka euskaltzale batu ziren Kantauriko itsasertzean euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko hondar aletxoa eskaintzera. E
Oihana LLORENTE I
Ondarroako olatu berde eta mendi urdinen artean adin eta jatorri anitzeko milaka euskal herritar elkartu ziren atzo. Bakoitza gustuko duen horretan, dantzan ala jesarrita, jaten ala edaten, kantatzen ala musika entzuten, hizketan ala isilik... baina denak, eguzkiaren izpien azpian, euskararen alde kiskaltzen. Izan ere, eguzkiak ederki jo zuen atzokoan Ondarroan.
Bost kilometro pasatxo zituen Ondarroa zeharkatzen zuen ibilbideak, eta metro oro aurki zitezkeen adin tarte guztiei zuzendutako ekitaldiak. Goizean goiz, 9.30ean, ebaki zuten ibilbideko zinta, eta, une hortik aurrera, hamaika ekitaldi erakargarri izan ziren ordu txikiak arte.
Ondarroako herriak izan zuen Bizkaiko ikastolen aldeko 23. Ibilaldia ospatzeko ohorea, baina, antolatzaileak, ordea, bertako Zubi Zahar herri ikastola eta Lekeitioko Resurreccion Maria Azkue ikastola izan ziren. Zubi Zahar ikastolan bertan ekin zitzaion jaiari maskor eta irrintzi soinuen eskutik, kaioen hots iradokitzaileak lagun.
Itsasoari estuki lotuta dago Ondarroa, eta horren lekuko dira atzo etxeetako balkoi eta leihoetan eskegita aurki zitezkeen arrantzale jantziak. Urdina zen nagusi etxaurreetan, eta, kalean, aldiz, Ibilaldiko kamiseta koloretsuak. Eta nola ez, herri arrantzale bati ondo baino hobeto doakion leloa aukeratu zuten hitzordurako: «Boga!».
«Boga!» egin zuen oihu Zubi Zahar ikastolako lehendakari Elias Etxaburuk ere harrera ekitaldian. «Boga gure hizkuntza zabaltzeko! Boga ikastolen eredua indarberritzeko!», egin zuen dei.
Etxaburu izan zen lehena hitza hartzen. Ondoren etorri ziren mintzaira kritikoagoa izan zuten Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Juan Carlos Gomez Ibilaldi Elkartearen presidentea. Biek ala biek aurrean zuten Lakuako Hezkuntza sailburu Isabel Celaari zuzendu zizkieten beren berbak. Administrazioak, ikastolen ibilbidea samurtu ordez, «trabak» ezartzen dituela deritzote; hala, «ikastolak aurrera doazen bitartean» bueltan «murrizketak besterik ez» dituztela jasotzen deitoratu zuen Gomezek. Urtero-urtero toki faltagatik umeak ikastoletan matrikulatu ezinik gelditzen diren gurasoak asko direla nabarmendu zuen.
Politikaren esparruan ematen ari diren urratsekin pozik agertu zen Tellitu; «pozik demokraziaren eremua, giza eskubideen eremua» zabaltzen ari delako, nabarmendu zuen. Pauso horiek, ordea, hezkuntza politikan ere isla izan behar dutela sostengatu zuen.
Celaak, aldiz, kritikei entzungor eginez, hezkuntza hiru eledunaren aldeko apustua egin zuen, eraberritze teknologikoa eta bizikidetza ere aipatu zituelarik. Hezkuntza sailburuak, Ondarroako udal gestora kudeatu zuen eta egun Bizkaiko Kultura diputatua den Josune Aristondok bezala, hainbat txistu entzun zituen Zubi Zahar herri ikastolako jolastokian.
Ondarroara euskara eta euskal hezkuntzarekiko euren atxikimendua plazaratzera bertaratutako herritarren artean, ezker abertzaleko militante Tasio Erkizia, Udalbiltzako presidente ohi Loren Arkotxa edota Joxe Anjel Iribar Athleticeko jokalari ohia zeuden, besteren artean.
Kritikak alboratuz aipamen berezia jaso zuena Aitzol Aramaio zinemagile ondarrutarra izan zen. Joan den apirilean zendu zen 40 urteko zinemagilea; aurrez, ordea, Ibilaldiko bideoklipa utzi zuen altxor modura.
Ez zen omenaldia jaso zuen bakarra izan. Herriko artisauak pozarren zenbiltzan atzo, izan ere, Kalare Deuna kofradiako Bentalekuan omenaldia jaso zuten. Bizkaiko ikastolen jaietan makina bat sektore eta eremuri aitortu zaie euskararen alde erakutsitako kemena: unibertsitate mundua, enpresak, itsasoa.... Atzokoan, berriz, euren eskuekin gure sustraiak zizelkatzen dituzten artisauak izan ziren omendutakoak. Dantzarien eta abesbatzaren ikuskizunarekin biziki pozik agertu ziren.
Alai ere, Imanol Oruemazaga eta Oihane Saizar ondarrutarrak aurki zitezkeen. Horiek izan ziren Ibilaldiko zinta mozteko ohorea izan zutenak. Biak zihoazen gurpildun aulkian: Oruemazaga, adina dela medio; Ezeiza, ordea, sufritzen duen gaixotasun larri baten ondorioz. Beraiek ireki zuten bidea, eta, berehala, giro aparta nagusitu zen bost kilometroko ibilbidean.
Kilometroz kilometro atseden hartzeko aukera paregabea izan zen, ibilbidea bost gunez osatuta zegoen-eta: Zubi Zahar herri ikastola, Alleri Barria, Saroi Alleri, Zaldupe eta Musika plaza. Ondarroako berba jatorrari, itsasoari eta arrantzari lotutako guneak, hain zuzen ere.
Lehen gunean, euskal dantzarekin eta euskal kanta tradizionalekin gozatzeko aukera izan zen. Betiere, noski, herri bazkari eder batekin lagunduta.
Alleri Barria gunea etxeko txikien topagune bilakatu zen. Porrotx pailazo maitatua pregoilari lanetan ibilita, ez da harritzekoa.
Gainontzeko hiru guneak gazteek okupatu zituzten. Okupatu bakarrik ez, Deskontrol, Ze esatek!, Zea Mays, Gose eta Esne Beltza taldeen eskutik ederki disfrutatu zuten.
Ibilaldia bezalako jai erraldoi bat antolatzeko, hamarka dira urte osoan zehar buru-belarri lanean aritzen diren herritarrak. Auzolanean aritu ziren atzokoan ere ehunka boluntario Ondarroan, auzolanean euskara eta ikastolen alde, auzolanean milaka arraunek boga egin zezaten. Ehunka izan ziren ibilbidean zehar ezarritako hamaika txosnetan lanean aritutakoak, beste horrenbeste materiala saltzen edota segurtasun txandak betetzen aritu zirenak. Guztiek egin zuten boga euskararen alde, eta etorkizunean ere boga egiten jarraituko dute Bizkaiko lurretan, Trapagaraneko Itxaropena ikastolak hartu baitu jada Ibilaldiaren lekukoa.