GARA > Idatzia > Euskal Herria

Azken istripuaren ostean, Garoņa ixtea eskatu du Ekologistak Martxan taldeak

Garoñan izan berri den azken ezbeharrak zentral nuklearra ez dela segurua erakutsi duela uste du Ekologistak Martxan taldeak, eta, hortaz, «ahalik eta lasterren» itxi behar da. «Istripu larri bat izan baino lehen zentzuzkoena Garoña berehala ixtea da», nabarmendu du taldeak.

GARA |

Garoñan izandako azken ezustekoaren ostean, zentral nuklearra ixtea eskatu du berriz ere Ekologistak Martxan taldeak, «oso egoera kaxkarrean dagoela agerian geratu delako». «Istripu larri bat izan baino lehen Garoña ixtea zentzuzkoena da», gaineratu dute ekologistek.

Ekologistak Martxak taldeak gogoratu duenez, joan den maiatzaren 26an errekarga prozesuaren ondoren Garoñako zentral nuklearra berriro martxan jartzen saiatu zirenean, turbinan dardarak antzeman zituzten. Egoera ikusita, zentrala gelditu behar izan zuten hori egitea aurreikusita ez bazegoen ere. Garoña geratzeak Estatu espainoleko energia nuklearraren ekoizpena erdira jaistea suposatzen du. Halere, ez du arazorik sortzen horniduran, zentrala behin betiko ixten bada etenik izango ez denaren seinale.

Ekologistak Martxak taldeak nabarmentzen duenez, dardarek gora egiten badute, turbina apurtu egin daiteke. Ondorioz, lurrin erradiaktiboa kanpoaldera aterako litzateke.

Horrekin batera, Ekologistak Martxan taldearen arabera, dardarek sutea eragin dezakete zentraleko turbinan, istripu larria eraginez, 1989an Vandellos I (Katalunia) zentralean gertatu zen bezala.

Garoña bezalako zentraletan, irakiten dagoen ura erabiltzen dute eta lurrin erradiaktiboa turbinara heltzen da. Beraz, elementu horrek zentralaren gune atomikoarekin harreman zuzena du, zentraleko arduradunek aurkakoa esaten badute ere.

Zentraleko turbinan izandako ezbehar berria azkenaldian izandako arazo ugarien azken katebegia baino ez da Ekologistak Martxan taldearen ustez. Hori ikusita, Garoñako zentrala ixteko aldarrikapena zentzuzkoa dela uste dute ekologistek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo