Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Isiltasuna
Segur aski Guadalajaran antolatzen den Ipuin Maratoia izango da Europako ipuin jaialdirik garrantzitsuenetakoa. Ekain aldean eta hiru egunez, Mantxako hiriburuak ehunka pertsonaren parte hartzea izan ohi du duela hogei urtetik hona. Parte hartzea diot, jendeak berak kontatzen baititu ipuinak, nahi duenak. Ostiralean hasi eta igande eguerdira arte, gau eta egun, etenik gabe, ipuinak kontatzeari ekiten diote. Herri festa galanta.
Aurten, ordea, nazioarteko padel txapelketa antolatu dute justu Jaialdiaren egoitza den Infantadoko jauregiaren aurre aurrean. Mila pertsona hartzeko behin- behineko padel jolaslekua. Urtero gai bat hartzen dute maratoiaren lematzat; aurtengoa isiltasuna da. Hitzen, berriketaren munduan, isiltasunaren garrantzia. Baina, oraingoan ere, ezin isilik egon.