GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Hizkuntza unibertsala

Aukera paregabea galdu du Japoniako lehen ministro Naoto Kanek, eta batez ere oposizioko buru Sadakazu Tanigakik. Fukushimatik 30 kilometrora belarririk gabeko untxi bat jaio ondoren, prentsa aurreko untxi-jana prestatzea zuten, baina bai zera, denok dakigu zeinen txepelak diren japoniarrok. Aukera bat galdu dute, baina gehiago izango dituzte.

Mariano Rajoi espainiarrak, ordea, ez ditu horrelako aukerak alferrik galtzen utziko. Joan den asteazkenean, alderdiko «baroiek» lagunduta, han agertu zen pepinoa jaten. Argazkietan plater bakar bat agertzen zen, denentzako miserable samarra, egia esan, baina herstura ekonomikoko garaiotan ez dago gaizki pentsatuta. Jokaera hori ikusita, saihestezina da Manuel Fragak 1966an Palomaresen itsasoa bera ikaraz jarri zuenekoa gogoratzea; baina ez, oso bestelakoa da Rajoiren agerpena. Espainiako produktuen alde odola emateko gerturik daukala adierazteko modua da.

Nolanahi ere, Mariano Rajoy aspalditik agertu izan da jendaurrean barazkiak aldean. Behin, mitin batean, tomate bat eskuan (Ceçi n'est pas une pipe, c'est un tomate), sozialistek nekazariei jasanarazten zizkieten lazeriak salatu zituen. Eta asteazkenean ulertu nuen.

Gulliver bere bidaietako batean Lagadoko Akademia Handiko Hizkuntza Eskolan izan zen. Han, hizkuntza unibertsal bakarra sortze aldera, besteak beste, hitzak ezabatzeko proiektuaren berri jakinarazi zioten. Hiztunek, hitzen ordez, objektuak erabili beharko zituzten; hartara, adierazia eta adierazlea, zeinua, berbera izango ziren hiztun guztientzat: objektua. Emakumeen aurkako jarrera dela-eta, atzera bota zuten proiektua, baina zenbait jakintsuk hizkuntza hari eutsi zioten, elkarren artean mintzatzeko behar zituzten objektu guztiak bizkarrean zamatuta.

Dagoeneko ez da zalantzarik, jakintsu haietako bat Mariano Rajoi zen, eta gaur egun hor zehar dabil tomatea zein pepinoa eskuan, edo ahoan. Beste jakintsu haietako batzuk ere ezagunak dira: Berlusconi, Sarkozy... Ez dakit zergatik, irudi bat burutik ezin kenduta nabil egunotan: Ameriketako Estatu Batuek beste mehatxu bati aurre egin behar diote, txangurruen inbasioari, hain zuzen, eta George W. Bush dozenaka mila herritarren aurrean ageri da, kruasan bat eskuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo