GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Uruguaitik Euskal Herriari begira

Rio de la Plata Euskal Herritik urrun dago, oso urrun, baina gure herrian gertatzen ari den lurrikara hemen ere sentitzen da, usaintzen da, ikusten da. Hona ere iritsi baita ilusioa.

Zabala da Rio de la Plata izeneko itsas-adar, erreka erraldoi edo dena delakoa. Ez dago itsas usainik, hori argi dago, ur orbainak horixe pentsatzera bultzatzen bazaitu ere. Bertan, Uruguai eta Argentina biltzen edo bereizten dira, batek daki. Esaten dute ur hauetan bukatu zutela bi estatu hauetako diktaduretan desagertutako batzuen gorpuak. Garai batean hondartzara iristen zirela, eta agintariek marinel korearrak zirela ziotela. Esaten dute ere Iparragirrek ez zuela astirik galdu hemendik ibili zelarik, utzitako seme-alaben sorta luzeak erakutsi omen zuenez.

Historia horiek guziak alde batera utzita, Rio de la Plata garrantzitsua da euskaldunon ibilbide historikoan. Hona iristen ziren gure aurrekoak, milaka, lan bila, gosetik ihesi, gerla, soldaduska, errepresioa edota beldurra gibelean utzi nahian. Hamaika gertaera, hamaika bizitza eta hamaika oroitzapen eta hamaika ahazpen. Beharbada XXI. mendeko euskaldunok ez dugu geure burua etorkin pobre edo, areago, desesperatuen egoeran kokatzen, baina hauxe izan zen askoren aiton-amonen garaikoen patua. Euskal Herria uzteko mina sentitu behar izan zuten horiek, eta gerora gure lurra utzi behar ala nahi izan dutenek osatzen dute euskal diaspora. Munduan barna dabiltza sakabanatuta. Batzuk lan bila atera direnak, beste batzuk erbesteratu politikoak, asko aspaldiko etorkinen ondorengoak. Multzo zabal eta korapilatsua, jende talde guziak bezalaxe. Baina aintzat hartu beharreko multzoa irekitzen ari den une berri honetan, ziur.

Herri hauetara etorritako euskaldunak garrantzizkoak izan ziren abertzaletasun erdi modernoaren sorreran nahiz garapenean. Bertan izugarrizko leherketa izan zen maila kultural eta politikoan. Oraingoz sumatzen dira saio horien arrastoak edozein euskal etxetan, nahiz eta askotan, helduenen biltokiak bilakatu diren.

Ni ez nago Rio de la Platan etorkin gisa, independentziaren aldeko lana egiteko etorria naiz, etorkin eta etorkinen seme, alaba edota ilobekin mintzatzeko. Historiak partekatzeko, eta geure estatua behar dugula esan eta entzuteko. Entzun ere egin dudalako, esateaz gain; urte eta eskarmentu askotako jendeari entzun ere, gainera. Eta, Euskal Herritik hainbeste kilometrora egonik, aurten independentzia prozesuaren bigarren mendeurrena ospatzen duen Uruguaiko Errepublikan nagoelarik, inoiz baino indar handiagoa atzeman dut nigan independentziaren aldeko argudiatze saioan. Erraza, zinez... «sin estado propio no sós nada». Mezu argia, buruen mugimenduek berresten dutena. Ez, estaturik gabe ez gara deus.

Munduko euskaldun asko egoera berriari so jarriak dira. Batzuk beti ibili dira horretan. Beste batzuek aldaketa atzeman dute, eta haiek ere aldatu dira. Nabarmena da azken hau giro batzuetan. Rio de la Plata Euskal Herritik urrun dago, oso urrun, baina gure herrian gertatzen ari den lurrikara hemen ere sentitzen da, usaintzen da, ikusten da. Hona ere iritsi baita ilusioa. Eta, benetan, ilusio hori adin handiko euskal etorkin baten begietan atzematea gauza ederra da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo