GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Negoziazio kolektiboaren erreforma, euskal langileen kontrako eraso bikoitza

Patronal espainolak eta UGT eta CCOO sindikatuek negoziazio kolektiboaren erreformaren gaineko elkarrizketak eten ondoren, nabarmen geratu da «denon artean arazoei aurre egiteko tresna» omen den elkarrizketa soziala delakoaren irismena. Madrilgo Gobernuak datorren ostiralean onartuko du erreforma, eta patronalak ez dirudi aztoratuta, dekretu bidez onartuko diren aldaketak berak eskatutakoaren norabidekoak direla baitaki: lan malgutasun handiagoa eta hitzarmenen iraupena mugatzea, besteak beste. Ondorioak bistakoak dira: langileen soldatak jaitsi eta enpresen etekinak handitzea. Gainera, Euskal Herrian eragin bereziki maltzurra izango du erreformak, Estatuko negoziazio esparrua lehenetsiko baitu, euskal esparrua errespetatu gabe. Izan ere, Euskal Herriko sindikalgintzak lan politika horren kontrako jarrera irmoa erakutsi izan duenez, erreforma sindikalgintza mota hori indargabetzeko saioa ere izango da. Lan eta pentsioen erreformen eta ustez krisiari aurre egiteko gainerako neurrien ondoren, negoziazio kolektiboaren erreforma Estatu espainoleko langileen aurkako beste eraso bat da, zalantzarik gabe, eta euskal langileen aurkako eraso bikoitza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo