AIZKORA Urrezko Lehiaketa
Atutxa eta Larretxea neurtuko dira lehen finalean
23 urtez azpikoetan, finala jokatuko dute bihar eguerdian, Ziordiko plazan.
Jon LEUNDA
Urrezko Aizkorako lehen txapela banatuko da bihar Ziordian, 23 urtez azpiko finala jokatuko baita bertan. Gainerako guztiak datorren astean izango dira, baina Aitzol Atutxak maila honetan ez ezik, maila nagusian ere jokatu behar duenez finala, 23 urtez azpikoa aurreratu egin dute.
Ziordian izango dira bihar 12.00etatik aurrera Ohian Larretxea eta Aitzol Atutxa. Proba ugari egin beharko ditu aizkolari bakoitzak. Faboritoa Atutxa izango da.
Jaialdi berean maila nagusiko hirugarren eta laugarren postua ere erabakiko da. Azurmendi eta Rekondo arituko dira nor baino nor. Bien arteko azkeneko dema Rekondok irabazi zuen.
Aizkolaritzak protagonismo handia izango du bihar; izan ere, Gipuzkoako Bigarren Mailako bi kanporaketak ere jokatuko baitira. Goizean, 12.30etik aurrera Beasaingo Gernika pasealekuko pilotalekuan, Alkizalete II.a, Agirre, Elorriaga, Dorronsoro, Esnaola, Jon larrañaga, Mugertza III.a, Unai Otaño, Ugarteburu eta Zaldua neurtuko dira. Legorretan, Harripila kiroldegian, 18.30ean hasita, Alkizalete I.a, Belauntzaran, Irazu, Mikel Larrañaga, Lasa, Mugertza I.a, Telleria, Txapartegi eta Urteaga neurtuko dira.
Saio bakoitzean, aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako enbor erdibitu beharko ditu. Multzo bakoitzeko hiru aizkolaririk onenek lortuko dute uztailaren 26an Mendaron jokatuko den finalean aritzeko txartela.