GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berragerpena Labriten

Pazientziaren lezioa ikasita, bueltan da Oier Mendizabal

Añorgako atzelariak hiru hilabete eman ditu kantxetatik kanpo, esku-eskuan izandako fibrosi baten erruz.

p039_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Aimar Olaizolaren atzelari gisa 2008. eta 2009. urteak bikain burutu ostean, pilotaren beste aldea, iluna eta lausengu gabea, bizitzea egokitu zaio azkenaldian. Añorgarrak GARAri aitortu dionez, urte txar baten ostean, horrenbeste eman dion binakako txapelketan egoteko azken aukerari ihes egiten utzi nahi ez ziolako, presio handiegia egin zion bere buruari eta sekulako infernua bizi izan du azken hiru hilabeteetan. Zorionez, ataka latz hori atzean uzteko bidean da Mendizabal II.a, eta gaur kantxetara «pilotari sentitzera» itzuliko da Labriten.

Hemezortzi urte zituenetik -orduan ere hiru hilabete eman behar izan zituen kantxetatik kanpo- lesiorik apenas izan duenez, «astebete edo asko jota bitan eskuak ondo errekuperatu izan ditut beti», majo sufritu behar izan du kirol profesionalaren leziorik zailenetako bat ikasteko. «Denborarekin ikasten da gauzak beste modu batera hartu behar dituzula, eskua errekuperatzea dela garrantzitsuena eta beste helburu guztiak ez direla lehentasunezkoak».

Kortisona eta medikuak

Azken hiru hilabeteak oso gogorrak izan dira Añorgakoarentzat. Logroñon bere eskuin eskuan pilota bat sartu ostean, Zallan jokatu zuen orain arteko bere azken partida, otsailaren 5ean. Gelditzea erabaki zuen, baina bidea uste baino zailagoa izan da. Izan ere, «oso aldekoa ez nintzen arren, kortisona ere eman zidaten eta poliki-poliki hobetuz joan da». Tamalez, Tolosan egindako lehen entrenamenduan mina bizitu zitzaion eta kolpe fisiko eta psikologikoa latza izan zen. «Oso gogorra izan zen, nolabaiteko etsipena sartzen zaizu, baina hor egon behar da, ahal duzun guztia emanez, eta poliki-poliki gauzak bere onera etorri dira».

Egun Asegarceko kirol zuzendaria den Salva Bergarak pilotari garaitik ezagutzen zuen Mauleko Jean Aguerre masajistaren laguntzarekin, eta entrenamenduak ondo neurtuz, egoerari buelta ematea lortu du Oier Mendizabalek, eta berriz ere zuriz janzteko desiratzen dago.

Fibrosia, Martinez de Irujok orain gutxi izandako gaitz bera, atzean utzia duela dirudi, «orain mina puntu batean bakarrik jartzen zait, esku erdian» eta azken entrenamenduan sotamano batzuk minik gabe jo izanarekin pozik, konfiantza berreskuratzea du hurrengo helburua.

«Oraingo helburua pilotari sentitzea da. Oso pozik amaitu nuen azken entrenamendua eta sentsazio hori oso polita da, azkenaldian entrenatzera beti beldurrez joan ostean. Oraingo erronka presioa kendu, pilotari sentitu eta kantxan gozatzea da. Hori lortuz gero, emaitzak etorriko dira», adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo