GARA > Idatzia > Euskal Herria

Koldo Garcia (PSN) kargua hartu baino lehen kentzeko eskatu du ezker abertzaleak

Ustez adin txikiko bat bortizki jipoitzeagatik aste honetan Iruñeko Auzitegian epaitua izan den PSNko Koldo Garcia ordezkatzeko eskatu du ezker abertzaleak; hauteskundeetan Uharteko zinegotzi hautatua izan da.

GARA | IRUÑEA

Bere «aurrekariak» direla-eta, azken hauteskundeetan Uharten zinegotzi hautatua izan den Koldo Garcia Izagirre kargua hartu baino lehen ordezka dezala eskatu dio Nafarroako ezker abertzaleak PSNri. Aste honetan, Iruñeko Auzitegian epaitua izan da Koldo Garcia, iazko sanferminetan adin txikiko bat jipoitu zuelakoan. Auzi-saioan bertan hainbat lekukok azaldu zutenez, gazteak «Independentzia» zioen elastikoa soinean zeramala, neska-lagunarekin sartu zen taberna batean, eta hor egin zuen topo ustezko erasotzailearekin. Elastikoaren aitzakia horrekin jo zuen Garciak haren aurka.

Behin epaiketa igarota, ezker abertzaleak ohar bidez salatu duenez, PSNko kidea lehen ere epaitua eta zigortua izan zen «antzeko gertaerengatik». Hain justu ere, 1995ean bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra jarri zioten lesio delitu bategatik; hala ere, ez zen espetxeratua izan Jose Maria Aznarren Gobernuak indultatu egin zuelako.

Era berean, Nafarroan zein beste hainbat herrialdetan jarri dizkioten trafiko isunez gain, Garciak Gizarte Segurantzarekin, Ogasunarekin, Nafarroako Lan Zerbitzuarekin eta hainbat udalekin zorrak dituela dio ezker abertzaleak. Gertaera horiek guztiak tokian tokiko aldizkari ofizialetan kontsulta daitezkeela argitu du ezker abertzaleak.

Horiek horrela, «deigarria» da independentisten ustez, ezaugarri horietako pertsona bat herri-erakunde batean bizilagunen ordezkari izateko aurkeztea. Alderdiak bere hautagaiaren aurrekarien berri ez bazuen, hautaketa traketsa egin izana egotzi diote PSNri; eta horren berri izanda egin badute, are okerragoa dela diote. Edonola ere, gaur egun jakitun direla iritzita, ea Garcia kargu publiko baterako pertsona egokia den galdetu dio ezker abertzaleak PSNri, baita gisa horretako ordezkariekin bultzatu nahi ote duten prozesu demokratikoa. Bestalde, «beste pertsonentzat» Alderdien Legeak ezartzen dituen baldintzak non dauden ere galdetu dute.

«Eurena soilik ardura bada ere, higiene demokratikoagatik bederen eta duten arduragatik» PSNk neurriak hartu beharko lituzke ezker abertzalearen ustez. «PSNk berehala ordezkatu behar du Uharteko hautagaia, bere kargua hartu eta konponezinezko kalteren bat egin baino lehen», adierazi dute independentistek, ohar bidez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo