GARA > Idatzia > Kultura

Euskarazko literaturak Larrabetzuko Literaturian bota ditu sustraiak

Euskarazko literaturaren plazak atzo ekin zion Larrabetzun errezitaldi, kontzertu eta antzezlanekin. Aurten, nobedade gisa, zazpi argitaletxek Literaturia aukeratu dute estreinakoz liburuak aurkezteko. Atzo, Iñigo Aranbarri, Josu Tobar eta Karmele Igartua zenaren lagunen txanda izan zen.

p041_f01_148x108.jpg

Ane ARRUTI | LARRABETZU

Lehenengo urtea esperimentazioarena izan ohi da, urduritasun eta zalantzena; bigarrenak kontsolidazio edo desagertze bidean jar dezake saiakera; hirugarrenak, ordea, argi erakusten du herritar batzuen burutaziotik sortutako literatur ekimen hau hazi eta hazi ari dela, eta Larrabetzun gero eta errotuago dagoela. Literaturia, euskarazko literaturaren plaza, atzo abiatu eta bihar arte Euskal Herri osoko idazle, argitaletxe eta irakurleen geltoki izango da.

Arrakasta horren lekuko, zazpi argitaletxek Literaturia aukeratu dute euren nobedadeak plazaratzeko. Atzo, Iñigo Aranbarriren «Zamaontzia» nobela aurkeztu zuen Susak; Utriusque Vasconiaek, Joseba Felix Tobar-Arbuluren bi liburutan banatutako «Finantza-Kapitalismoa» saiakera; eta Pamielak Karmele Igartuak hil aurretik idatzita utzi zuen «Itsaso kontra bat» poema liburua.

Gaur beste lau libururen txanda izango da, 11.30etik aurrera, plazan: Txalapartak Goizalde Landabasoren «Banskit» aurkeztuko du; Igelak, «Decameron. Hamar ipuin»; Elkarrek, Alberto Ladron Aranaren «Zer barkaturik ez»; eta Maiatzek, Xabier Soubeleten «Iza ote iza».

Liburu aurkezpenez gain, izango da beste zer aukeratu. 10.00etan Literatura Eskolak hitzordua du, «Irakurzaletasunaren transmisioa» gaitzat hartuta. 12.00etan, Trikitixa Eskolako umeak kalez-kale arituko dira. 13.00etan, ipuin-kontalari ibiltaria hasiko da, eta ilustrazio tailerra izango da plazan. 15.00etan, berriz, bazkaria egingo dute eskoletan.

Bazkalostean, bi antzezlan eskainiko ditu Kukuke antzerki eskolak Anguleri aurrean: «Ortzadarra» eta «Basoan galdutako neskak». 20.00etan, Bernardo Atxagak eta «Erlea» aldizkariko hainbat kidek laugarren alearen aurkezpena egingo dute plazan.

Gauean, Hori Bai gaztetxera igaroko da jaia. 23.00etan hasita, Anari, Mursego, Napoka Iria eta Jon Miner eta Intxixu Lotien Bandak jarriko diote musika jardunaldiari eta, ondoren, Bi hitz beats & Bits iritsiko da.

HITZAK ETA MUSIKA

Hiru liburu aurkeztu zituzten atzo eta gaur beste lau aurkeztekotan dira. Egun osoko egitaraua prestatu dute gaur eta biharko. Gaur gauean kontzertu berezia eskainiko dute Anari, Mursego, Napoka Iria eta Jon Miner eta Intxixu Lotien Bandak.

Aranbarri: Burokrazia zein gertukoenen abandonuaz

«Abandonua eta susmoaren kultura» dira Josu Aranbarriren «Zamaontzia» (Susa) hirugarren nobelaren ardatzak. Nerabe zela bizi izandakoa aitortzera doa Nerea aitari. Hamalau urte lehenago, gurasoak banatu ondoren, aitonaren -ostutako haurra- etxera joango da bizitzera aitarekin. Honek bere lana lehenesten duenez, aitona eta bilobaren artean harreman berezia sortuko da. Abandonatutako zamaontzi bat iritsiko da orduan herrira, «armadoreak eta burokraziak abandonatutako tripulazioarekin», Aranbarriren esanetan. Gelditzen den marinel bakarra etxean hartzen dutenean hasiko dira arazoak. «Zamaontziaren abandonuaren eta ostutako haurren logika ez da oso ezberdina. Botereak badu hizkuntza bat, jendea hondamendira daramana». A.A.

Tobar-Arbulu: Estatua ekonomikoki beharrezkoa da

Lau urte eman ditu Joseba Felix Tobar-Arbuluk bi liburutan banatu duen «Finantza-kapitalismoa» (Utriusque Vasconiae) idazten: «Mundu globala» eta «Euskal Herrirako irtenbide ekonomiko eta soziala». «Eztabaida piztea» du helburu eta bertan azaldu du nola «lehen ezagutzen genuen kapitalismo-industriala oraingo finantza-kapitalismoak irentsi» duen. «Krisia ez du amabirjinak ekarri, induzitutako krisi bat da», esan zuen. Egunero bilioi bat dolar mugitzen dela azaldu zuen, eta diru horrek industria ez duela ukitu ere egiten. «Jolastu egiten da birtualki, ez du produkzioa ukitzen. Izugarrizko dirutza mugitzen da eta ez dakigu nola kontrolatu». Proposamen argia egiten du: «Hau kontrolatu beharra dago, eta zentzu horretan, hiper-marxista naiz. Hau da, zerga, politika fiskala, Estatua». A.A.

Igartua: Heriotzaren atalasetik bizitza desiratuz

Karmele Igartuak lan franko egin zuen literaturaren alor ezberdinetan eta hil aurretik idatzita utzi zuen «Itsaso kontra bat» bere hirugarren liburua, orain Pamielak argitaratua. Bere lagun-min Tere Irastorzak egin ditu edizio lanak eta Jose Angel Irigaray editorearekin eta Garazi Oianguren alabarekin batera aurkeztu zuen atzo. «Zuzenketak poemei baino, ohar eta definizioei egin dizkiet, forman urrats handia egin du», esan zuen Irastorzak. «Oso zehatza da hitzetan, metaforen bidez oinarrizko mundu batera iritsi nahi du. Espaziala da, irudia du oinarrian eta ahozkotasunak ere garrantzia handia du», esan zuen. «Berak bazekien gaixorik zegoela baina, noski, ez zuen hil nahi. Poemetan badago beldurra, heriotza, baina baita bizitzeko pasioa ere». A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo