EUSKADI SARIAK
Leonard
Edorta JIMENEZ Idazlea
Leonard Cohen argazkian agertzera gonbidatu dute, Asturiasera. Horren truke afaria eta bidaia gastuak ordainduko dizkiote. Guztion diruez. Horrela, nik neuk gonbidatuko nuke Leonard kuttuna. Ez naiz Asturiaseko ezer, ostera, baldin eta hori bada beharkizun nagusia. Odolez printze izendatuari argazki politak prestatzen dizkiote, zinez.
«Utikan Euskadi Sariak!» sinatu genuenok horixe esan nahi izan genuen. Ez ginela argazkien jokoan sartzeko prest. Ez ginen taldea izan. Agiri hori sinatu genuen, eta gero bakoitza bere habiara. Nolanahi ere, batzuen artean «Bazka» aldizkaria sortu genuen, besteak beste Euskadi Sarietako argazkietako datuak emateko. Argazkiotan nor gertu den, nork ekarri dituen hor agertu direnak eta zein etxetatik ekarri dituzten, hori guztia eta gehiago ere ekarri genuen argitara. Harrezkero, denetarikoak aditu ditut, datuon azterketa eta hausnarketa ganorazkorik izan ezik. Bego.
Askotarikoak ziren «Utikan!» sinatu genuenon iritziak. Baziren hargatik edo besteagatik sari jakin horien aurkakoak, eta bazen sari ororen aurkakorik ere. Nik neuk ez dakit euskal literaturak horrelako sari handirik behar duen. Ezezkoan nago. Nolanahi ere, izatekotan, nazionala beharko luke; hots, euskararen nazioarena. Nork emanak eta zein izenekin, ez dakit. Ez dakidan legez Euskaltzaindiak zergatik parte hartzen duen Espainiako Literatur Sari Nazionaletan, Madrilera komisario elebidunak bialduz eta nazio hitzaren okerreko erabilera indartuz. Euskaldunoi «nazio» hitza erabiltzeko eskubidea ukatzen digutenek argazkietarako gura gaituzte han, tarteka. Eta Gasteizen? Horra galdera, betor erantzuna.