GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Xanti Begiristain Madotz | Iruñea

Errauskailurik ez

Zaborren kudeaketa ona garrantzitsua bezain konplexua da. Gaur egun bizi garen Mendebaldeko mundu edota gizarte aurreratu hauetan, gero eta gehiago kontsumitzen da, eta, ondorioz, sorrarazten den zabor kopurua ere gero eta handiagoa da, ikaragarri handia. Izugarria. Planetan, dagoeneko, oso arazo larri eta serioa dugu gai honekin

Nik uste dut funtsezko gauza batzuk, behintzat, gero eta garbiago daudela. Alde batetik, mundu osoan saiatu beharko genuke gero eta zabor gutxiago sorrarazten. Nola? Ba, esate baterako, enbalatzeak, paketatzeak, bilgarriak (plastikoak, paperak, kartoiak, zurak, eta bat eta beste) eta abar sinplifikatuz. Erosketak egiterakoan, etxetik poltsak, janari-ontziak, eta abar eramanez. Gero, ahal den guztia berrerabiliz: poltsak, ontziak, zakutoak, tresnak, jantziak, makinak, botilak... Jarraian, birziklatu ahal diren zabor eta material guztiak birziklatuz. Horretarako, ikertu eta garatu beharko dira hautabide, alternatiba eta aukera guztiak: bereizketa, atez ateko bilketa, bosgarren edukiontzia, konpost egitea, eta abar. Hiri eta herri bakoitzak ikusi beharko du, kasu bakoitzean, zer komeni den eta zein den biderik eraginkorrena.

Azkenik, adituen arabera, ba omen dago zaborren ehuneko jakin bat, ez handiena, birziklatu ezin dena, konparaziora, ospitaleetako material eta hondakin batzuk, produktu kimikoak, medikuntzakoak, farmazietakoak, ikerkuntzakoak, eta abar. Antza denez, horiek erre besterik ezin omen da egin. Baina, kontuan hartuta, erraustu ondoren, kearen bitartez zabaldu eta hedatu egiten direla pertsonentzat oso kutsagarriak diren produktu eta gasak. Nik pentsatzen dut erraustegiak jartzekotan, jarri beharko liratekeela pertsonengandik ahalik urrutiena eta, jakina, enpresek izan beharko lukete publikoak, eta baita beren kudeaketa ere, inork izan ez dezan tentaziorik negoziatzeko pertsonen osasunaren bizkarretik.

Laburbilduz, errauskailuak, ahalik eta gutxien, urruti eta publikoak, baita haien kudeaketa ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo