GARA > Idatzia > Euskal Herria

Segik «Errepublikaren eredu zapaltzailea» salatuko du uztailaren 14aren karietara

Aurten ere, Errepublika frantsesaren ospakizunaren gaineko analisia plazaratuko du Segik. Parisek «eredu zanpatzailea inposatzen» segitzen duela salatuko du, nagusiki. Besteren artean, bi hitzaldi antolatu ditu.

p015_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Balio unibertsalen izenean, `giza-eskubideen errepublika' dela autoproklamatuz» Estatu frantsesak bere «eredu zapaltzailea inposatzen» jarraitzen duela salatuko du Segi erakundeak datorren uztailaren 14ko ospakizunen karietara.

Atzo Baionan egindako agerraldian, Txomin Catalognek eta Amaia Eilixirik Euskal Herria ez dela «ez Frantzia ez Espainia» adierazteko iaz Biarritzen egin zuten manifestazioa ekarri zuten gogora.

Beren esanetan, egun hartan «poliziaren presentzia itogarriak argi erakutsi zuen Estatu frantsesak eta tokiko jauntxoek zer ospatzen duten: Armada- ren indar erakustaldi bortitzaren bitartez, herri kolonizatuen menpekotasuna eta, sistema kapitalista eta zentralistarekin, kolonia horiei egiten dien lapurreta», erantsi zuten.

Euskal Herriak zer esana

Igaro den urtean, Parisek bere «harrokeria eremu zabalagora» hedatu duela gaineratu zuten. «Euskal Herriarenganako duen mespretxua agerian geratu da, baina baita herritar xumeenganako duena ere, erretreten erreformarekin, etorkinekiko politikarekin edota Ipar Afrikako diktadoreei emandako sostenguarekin».

Horiek horrela, gazte erakundeak kanpaina prestatu du, «ekonomikoki, administratiboki, hezkuntzan edota armadan, Estatuak inposatzen duen eredua» salatzeko. Euskal Herrian «zer esana» badela uste dute: «Lurralde erreformarekin are gehiago itoko gaituzte, AHT proiektu suntsitzailearekin segituko dute; euskarari eskaintzen dizkion ogi-apurrak murriztuko dituzte; beren hezkuntza sistemarekin, kapitalista on bat izaten besterik ez digute erakutsiko eta gustuko ez duen joera politikoa dutenak preso eramango dituztela edo euroagindua aplikatuko dietela mehatxu egiten segituko dute».

Bi hitzaldi

Mezu horretan sakontzeko bi hitzaldi egingo dituzte. Lehena, ekainaren 14an, 20.30ean, Donibane Garaziko Zerbitzu gelan. Xabi Larralde eta Xarlo Etxezaharretak Armada frantsesak duen «gerra modernoaren doktrina» izango dute hizpide.

Bigarrena, ekainaren 24an, ordu berean, Baionako IUT-en izango da. Asimilaziorako hezkuntzaren erabilpena aztertuko dute Christine Meynard, Eneko Gorri eta Maitena Tikoipek.

Horrez gain, Estatuko eta Korsika, Okzitania eta Bretainiako zenbait gazte-eragilerekin harreman dinamika jorratuko dute, ospakizun horren inguruan ekimen bateratuak lantzeko.

Segik, ekimen guztiotan eta uztailaren 14ko manifestazioan parte hartzera deitu ditu, bereziki, euskal gazte ezkertiar eta abertzaleak; «bi estatuek, gure proiektu politikoa defendatzeko dugun eskubidea errespeta dezaten» exijitzeko, hain zuzen.

blogA

Errepublikaren jai egun handiari aurka egiteko prestatu dituen ekimenen berri emateko, Segik blog bat jarri du abian: iehsegi.wordpress.com

KONTAKTUAK

Iaz Estatuko zenbait talderekin hasitako harreman dinamikari eutsiz, ekimen bateratuak lantzeko kontaktuak mantenduko ditu Segik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo