Ibilbide erdia beteko dute gaur Bergarako jaiek, zoramen betean
Pil-pilean daude Mendekoste jaiak Bergaran. Bost eguneko iraupena duten festa hauek erdiko egunera iritsi dira jada, baina beste hainbeste gelditzen da oraindik. Ajea gainditu eta martxan jarraitzea da herritar gehienek egindako hautua ziur asko. Horretarako dago egitarau mamitsua. Bihar Koadrilen Eguna izango da, blusa edo alkandorak jantzi eta denak kalera, beraz! Gozatzea besterik ez da geratzen, Bitorianatxok gorako bidea hartzeko asko gelditzen da-eta.
GARA
Bergarako jaiak bide erdira iritsi dira jada. Ostiralean txupinazoak eztanda egin eta Bitorianatxok jaitsiera egin zuenetik, musikak, algarak eta jai giroak ez du etenik izan herrian. Gorputzak ere sumatzen hasiak izango dira festaren gorabeherak, baina hala eta guztiz ere, aurrera egiteko gogoa da nagusi, asko falta da, gainera, oraindik helmugara iristeko.
Herritarrak ez ezik, kanpoko herrietatik etorritakoak ere izan dira egunotan Bergaran. Debagoienekoak beharbada gehientsuenak, inguruko herrietatik etorritakoak, alegia. Eskualdean unibertsitate ugari dagoela-eta, fakultate ezberdinetako ikasle asko izaten omen da Bergarako festetan. Ez dira, beraz, gutxi izango egun hauetan herri honetara bisitaren bat egitera etorriko direnak.
Herriko ereserkiak entzun ahal izango dira gaur eguerdian Udal Musika Bandak Espoloian eskainiko duen kontzertu oparoan. Askotariko piezak eskainiko dituzte, pasodoblea, obertura, ezpata-dantza eta musikala, esate baterako.
Arratsaldean, apar festa egingo dute Munibe plazan. Aldatzeko arropak eramatea edo apar dantzaren ostean etxetik pasatzea komenigarria izango da, dutxa apartsua plazan izango da-eta. Uraren eguna dirudi gaurkoak, goizean zehar eta eguerdi partera arte voley water-a eta ur puxikak botatzen aritzeko aukera izango baita San Martinen. Banakako Xake Azkarreko Txapelketa eta Euskal Herriko 34. Dantza Askatuko Txapelketa ospatuko dira gaur.
Koadrilen eguna badator!
Astea festan murgilduta hasiko dute bihar Bergaran, izan ere, Mendekosteetako egun handietako bat izango da, Koadrilen Eguna eta San Antonio eguna izango baita. Goizean herriko Tabernen Arteko Herri Kirol Txapelketa egingo dute zezen plazan, eta Xapre eta Zarra trikitilariak eta Incansables txarangak animatuko dituzte bazterrak.
Blusak edo kamisetak jantzita irteteko eguna izango da bihar. Lagunen konpainia onean, herri bazkaria egingo dute plazan, Incansables txaranga nekaezinaren doinuek girotuta. Txartelak salgai daude Kultur Etxean, Depor, Ariznoa eta Frontoiko tabernetan; 15 euroren trukean eros daitezke. Euria eginez gero, Labegaraietako kiroldegian egingo da bazkaria.
Sabela bete ostean, koadrilen arteko jolasak eta karaokea izango dira DJ Angierekin. Arratsaldean, bi euroren truke, erre- kortadore eskola ibiltariak zezen-plazan zezentxoekin egingo duen erakustaldia ikusteko aukera izango da.
Gaztetxoek eta barrakazaleek egun aproposa izango dute bertaratzeko, egun osoan barraketako atrakzioak ohi baino merkeago egongo dira-eta.
Bestalde, udal pilotalekuan Bergarako Hiria pilota partidetako finalak jokatuko dituzte, beraz, norgehiagoka ziurtatuta egongo da bertan.
Arratsalde eta gau partean erromeria egongo da plazan, Imuntzo eta Beloki taldearen eskutik. Camp dantzaldia ere izango da Espaloian Fabulosa taldearekin .
Txosnei dagokienez, erromeria izango da 20.00etan, Joxpa taldearekin. Ilundu ostean, kontzertua emango dute EH Sukarra talde eibartarrak eta Dolce Tanganak.
Ordu batzuk gelditzen dira, beraz, biharko eguna iritsi arte. Bien bitartean gaurkoaz gozatu eta izan litezkeen ajeak ahalik eta ondoen pasatzea besterik ez da gelditzen.
Ur jokoak, eta lehiaketak izango dira gaur nagusi herrian. Baltsa jaitsiera, ur puxikak botatzeko jolasak eta apar festa egongo dira. Bustu-busti eginda amaitzeko makina bat arrazoi, beraz.
Koadrilen Eguna eta San Antonio eguna izango da bihar. Herri bazkaria egingo dute San Antonio plazan eta Incansables txaranga arituko da giroa alaitzen. Hortik aurrera zoramenak hartuko du herria.
Asteartean emango zaie bukaera Mendekoste jaiei. Azken traka potentea izan dadin, ekintzaz josi dute egitaraua. Gainera, umeen eta helduen eguna izango da etzikoa.
Goiz-goizetik hasiko da mugimendua. Bigantxak egongo dira zezen-plazan, 9.00etan, bi euroren truke. Bestalde, goiz osoan zehar haurrentzako jolas-parkea egongo da Ipintza II-ko patioan. Auto txikiak, zezen mugikorrak, goming-a... ez nazkatzeko moduko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. Arratsaldean ere jarraituko du haurrentzako jolas-parkeak.
Iñigo Almortzak aurkeztuta, idi proben erakustaldia egongo da plazan. Joxe Ramon Salegi Belarreta eta Pako Badiola Bentaoste lehiatuko dira.
17.30ean, Molto karrera egingo da txikien artean, hitzordua Fraiskozuri plazan izango da, eta handik jolas-parkerainoko ibilbidea izango da. Parte hartu nahi duenak bere «moltoa» eramatea beharrezkoa izango du.
Errekortadore eskola zezentxoekin arituko da zezen-plazan, Incansables txarangak alaituta. Jai batzordeak adierazi duenez, 16 urtetik beherakoek debekatuta izango dute errekortadore eskola ibiltarian izan ezik, gainerako zezen ikuskizunetan parte hartzea.
Bestalde, 19.00etatik 21.00etara, karaokea izango da plazan; eztarriari lan pixka bat eman nahi dionak bertan izango du aukera aproposa.
Festei amaiera emateko, Oihan Vegaren eskutik, DJ festa egongo da 22.30etik aurrera. Etenaldia izango du, hala ere, DJ festak, Bitorianatxo agurtu behar izango baitute bergararrek, honen igoerak emango baitie amaiera aurtengo Mendekoste jaiei. Orduan, datorren urteko festen zain egon beharko da. GARA