Kurduen boza pitin bat ozenago Turkiako barrunbeetan
Gaur Legebiltzarrerako bozak egingo dituzte Turkian, Baita, horrenbestez, okupatutako Ipar Kurdistanen ere. Kurduek ilusioz ekin diote norgehiagokari eta euren ordezkariak gehitzea ere espero dute. Alta, errepresio makineria bortitzena baliatzen jarraitzen du Turkiak, erasoak mantentzeaz gain, zenbait hautagairi ibilbide politikoa ukatzen segitzen baitu. G
Sibel UTKU France-Press
Kurdueraz irakurtzen diren afixez lepo ageri dira egunotan Diyarbakirreko kaleak. Pentsaezina zirudien duela zenbait urte, baina kurduen komunitateak bere izana eta ahotsa lau haizetara barreiatzea lortu du ahaleginaren ahaleginaz. Orain, gaur Turkian, eta horrenbestez, okupatutako Ipar Kurdistanen egingo diren legebiltzarrerako hauteskundeetara eraman nahi dute euren boza; herri kurduaren mezua Turkiako sistema eta erakundeen barrunbeetaraino eraman nahi dute, eta inkestek diotenez, arrakastaz egingo dute gainera.
«Itzulerarik gabeko puntu batean gaude, gure herriak gainditu du hainbeste urtez pairatutako izua», ziurtatu du berrautatzera aurkezten den Emine Ayna diputatuak, bere alderdiko dozenaka militantek PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aldeko esloganak oihukatzen dituzten bitartean. «Araudi politiko serio bat nahi dugu; PKK eguneroko politikan izan dadin bermeak nahi ditugu», jarraitu du.
Ezin esan egoerak okerrera egin ez duenik, ordea, muturrera egin baitute bi aldeen arteko aurrez aurrekoek. PKK-k iazko abuztuan su-etena iragarrita ere, Turkiako Armadaren oldarraldiek ez dute etenik izan, eta dozenaka ekintzaile hil dira azken hileotan.
Duela pare bat urte Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogan-ek eta preso dagoen PKKko buruzagi Abdula Ocalan-ek izandako hartu-eman ezkutuek eragindako ilusioa lausotuz joan da denborarekin, hortaz. Gobernuak atzera egin zuen azken unean, euren herrialdearen batasun nazionala azukre-koskor baten gisan xehatu zitekeen beldurraren beldurrez. «Amaitu da guretzat auzi kurdua», taxutu zuen gobernuburuak auzia amaitutzat eman nahian.
Ocalanek abisua eman zuen, ordea, elkarrizketek aurrera egiten ez bazuten kurduek talentuz erantzungo zietela oztopoei, eta hain zuzen, eremu politikora eraman dituzte orain euren ohartarazpenak. Erronkak, gainera, gero eta zorrotzago eta zehatzagoak dira; «26 urteko gatazka negoziazioen bidez amaitu nahi dugu, gure herriarentzako autonomia gehiago nahi dugu, baita kurdueraz ikasteko aukera, bai eta PKKko preso politiko guztientzat amnistia ezartzea ere», galdegin du Aynak.
Aurkezteko debekua
Gaur egun 20 diputaturen ordezkaritza dute Parlamentuan; beste hamar atera ditzaketela diote aurreikuspenek. Hautagaiak, ordea, independente gisa aurkezten dira bozetara, BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiaren sostenguaz.
Noski, bidea ez dute batere samurra izan, eta auzitegiek traba bat baino gehiago ipini dizkiete kurduei bidean beren intentzioak ekiditearren. Hauteskunde Batzorde Gorenak zenbait hautagairi bozetan aurkezteko eskubidea ukatzea izan zen, dudarik gabe, entzutetsuena; delituzko iragana zutelakoan ezarri zieten debekua hamabi kandidatu horiei, eta noski, zalaparta eragin zuen erabakiak, are gehiago Erdogan bera ere kartzelatik pasatakoa dela kontuan izanda.
BDPk hauteskundeak boikotatuko zituela mehatxua egin zuen nahas-mahas horren erdian, hautagai horietatik zazpi eurek sostengatuta aurkezten baitziren. Kaleetara ere eraman zuten euren haserre eta inpotentzia sentsazioa; Istanbulera bertaraino ere ailegatu ziren, 3.000 lagun inguru bildu zituzten manifestazio eta protestak gauzatuz.
Erabaki konprometitua zen, zeharo, auzitegiak hartutakoa, baita Turkiarentzat berarentzat ere. Horren haritik iritsi zen, akaso, neurria bigundu eta azkenerako, zenbait hautagairi debekua kentzeko posizioa. Horien artean dira Gulten Kisanak edota Serafettin Otlu ekintzaile politiko ospetsuak. Bozetara aurkezteko bidea posible ikusi zuen beste hautagai batek, Aysel Tugukek, pozarren jaso zuen albistea, baina bere kexua ere agertu zuen komunikabideen aitzinean, erabaki horrekin hautagai kurduen arteko bereizketa bilatzen dutela iritzita.
Ankararen «bedeinkapena» duen beste bat da Leyla Zana preso politiko ohia; ekintzaile kurdu honek bere azalean modurik krudelenean bizi izan du Turkiaren ankerkeria, 1991ko hauteskundeen ostean hamar urtez giltzaperatua izan baitzen Parlamentuan kurduera erabiltzeagatik. Bera itzalpera eraman zuten argudio berberak, ostera, datozen lau urteetan euren herria zapaltzen duten herrialde menperatzaile baten aurkako tresna gisa baliatu nahi dituzte kurduek.