Josu Gotzon Landeta Irakaslea
Zabala Eskola: ehungarren urteurrenean laidoturik
Gogoan izan behar dugu inguruko hirietan -Bilbo barne- A eredua aspaldi desagertua dela irakaskuntza publikotik, baina Getxon «esku jainkotiar» batek bizirik mantendu du
Aurten Algortako Juan Bautista Zabala Eskola dotore eta distiratsu ikusi dugu. Izan ere, badira ehun urte heziketa zentro hori sortu zela, eta bertako guraso, irakasle zein ikasleek ederto ospatu dute data seinalatu hori.
Ehun urtetan Algortak aurreko bi mila urtetan baino aldaketa handiagoak ezagutu ditu, ehun urtetan eskolako ikasgeletatik zorionean edo zoritxarrean zer ikasirik izan duten hainbat belaunaldi pasatu dira. Alabaina, ehun urtetan eskola honek -Euskal Herriko beste eskolek bezala- ez du harro egoteko historiarik izan, gure herriaren zapalkuntzarekin bat eginik erdararen munduan eta espainolkerian murgilduta egon baita hainbat hamarkadatan zehar, sarritan umeen heziketa barik euren akulturazioa eta bertoko hizkuntza galtzea burutu duela kontuan harturik.
Zurrunbilo indartsu lohi horretatik irten guran, azken hamabost urteotan eskola komunitateak euskal heziketaren aldeko apustua egin izan du, eta euskaraz irakatsi eta ikasteko ahalegin horretan ez dira gutxi izan bideko oztopoak. Dinamika horrek, ostera, bere fruituak eman ditu, eta gaur egun horra hor ikasgela guztiak D ereduan murgilduta, irakaskuntza publiko euskaldun eta herritarra bultzatu beharrez. Tamalez, apustu horrek ez du inoiz gobernuen oinarri sendoaren segurtasuna izan, batzuetan sistemak beren-beregi egokitutako zelai hesituaren muga itogarrietan barrena, besteetan kontseilari kargu aldaketaren mamua gainean gure geroaren jabe izan ezinean bizi behar baitugu.
Oraingoan, inposizioz eratutako Gasteizko Gobernuak ordain ederra eman dio Zabala eskolari, bere ehun urteko historian egindako azken aldaketa kualitatiboa «saritu» guran, antza: datorren ikasturtetik aurrera, D eredua duen Aixerrota institutuan matrikulatu barik, 6. mailako ikasleek A eredua nagusi duen Julio Caro Baroja institutura joan behar izango dute, berriz ere erdararen zurrunbiloan kateaturik. Gogoan izan behar dugu inguruko hirietan -Bilbo barne- A eredua aspaldi desagertua dela irakaskuntza publikotik, baina Getxon «esku jainkotiar» batek bizirik mantendu du.
Enegarren aldiz eskola bat laidotua izan da, enegarren aldiz euskal irakaskuntzaren alde egindako apustua suntsitu, gure kasuan antzinako espainolkeria nardagarriaren arroetara itzuli guran. Celaa eta bere jendilajearengandik ez genuen besterik espero. Horra hor, adibide gisa, Bilboko Carmelo ikastola eta Mina del Morro ikastetxearen arteko «esperimentu» etnozida.
Tamalgarria benetan Gasteizko Gobernuaren inposaketa berria, ezkutuan eta inpunitatearen iluntasunean burutua; tamalgarria era berean zentroko gurasoei eginarazi dietena, halako bidegabekeria saihesteko seme-alabak beste zentro batean matrikulatu behar izanik; tamalgarria eta patetikoa, XXI. mendean gure herrian tamaina honetako erasoak jasan beharra. Bere etorkizuna kolokan, eskolaren izarraren distira apaldu eta satelite mortu izatera kondenaturik dago, boteredun askotxok euskara eta bere kultura kondenatu gura duten gisa berean.
Juan Bautista Zabala eskola jakinduriaz zamaturiko itsasontzi bat da -beste batzuen artean- erdal itsaso erraldoiaren gainean bere Itaka topatu guran gerorantz nabigatuz doana, batzuetan bare, besteetan enbataren erdian. Hala ere, Celaa eta bere akolitoek zurrunbilo beltz lohiak maite dituzte, eta euskal alez zamaturiko itsasontzi horiek itsasoan hondoraturik ikusi gura lituzkete. Halako artzainekin, onak gaude ardi gaixook!