Aitor Renteria 2011/6/8
Filosofiaz hartu
kazeta.info
(...) Jakintzaren hausnarketa, arrazoien antolaketa, etengabeko erantzunak bilatzen dituen zientzia omen da filosofia, munduaren interpretazioa egiteko bide arrazionala den heinean. Eta hara! Jakintza horren interpretazioa egiteko bide bakarra eskaintzen du Frantziak, frantsesa.
(...) Euskararen aldeko urrats anitz egin dira, ustez, Ipar Euskal Herrian. Baina errepublikako zaldun beltzak ez daude lo. Ustekabean, kolegioko azken urtean egiten den Brebeta frantsesez egin beharko zela erran zuen iaz Paueko Akademia Ikuskariak. Noiz eta azterketa egin baino hilabete lehenago. Azkenean gibelera egin zuen, zetorren oldarraldia ikusirik.
Euskara ekaia bailitzan kudeatzen duen Euskararen Erakunde Publikoaren eskuetara heldu da gaia. Eta lehen Max Brisson presidente ohiak bezala, Frantxua Maitia presidente berriak ere azterketen gaia «zuzendu» behar dela dio. Baina kargua hartu bezain laster jakinarazi du Maitiak hori ez dela aurten «zuzenduko». Arrazoiak? Zaharrak berri. Hezkuntza munduko sindikatu eta funtzionarioen indar handia eta jarrera ezkorra, Frantzia mailan ikasle guztien arteko berdintasun irizpidea atxikitzen duen azterketa dela edo zergatik ez, Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dioen konstituzioko bigarren artikulua.
(...) Eta zurrinbiloa ez gelditzeko esperantzak daude. Bat ezean, herri hizkuntzen aldeko bi lege proposamen aurkeztu dituzte diputatu batzuek Frantziako parlamentuan. Eta euskaldunentzat urtuta dagoen proposamen horretan kolore gorriegia ikusten duten senatariei lasaitasuna emateko, horira pasatzeko arramoldaketa egin diote, ekainaren 30ean eztabaida dezaten Frantziako senatuan. (...)