GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Udalen izandegi berria

Udaberria amaitzear dago eta, ondorioz, uda hastear. Udan udalekuak. Eta udaletan udalbatzarrak. Udalak ditugu albiste egunotan, halabeharrez. Atzokoan baina, udaletan baino gehiago udaletxeetan kokatu zen interesa, areto nagusian kokatu ere, udalburuak hautatu behar izan zirenez gero. Nork-Zeini-Zenbat, han-hemenka; batzuetan txekeak zuriz, besteetan beltzez. Udal-dibertsitatea. Tira, jadanik udal guztiek, salbuespenak salbuespen, izan badute datozen urteetan zeinek, zeinekin, gehien agindu. Aldaketei eusteko garaia dator orain, udaletxetik udalerrira. Egunotan ere du Euskaltzaindiak kaleratu udalen izendegia. Hau kolpea! Denboran bateratsu-edo azaldu dira udalen izena eta izana berrikusteko beharra. Ez dakit izenarena haren akademikoen botoen bidez erabakia izan ote den, baina datozen urteetarako izanarena behintzat herritarren botoen bidezkoa izan da, dudarik gabean. Hortaz, udalen izandegia izan da atzokoa. Bizitza osasuntsua izan dezatela, zeratarako bizi bestela!

Alkateen aldaketen usaina zabalduz doa euskal lurraldeetan zehar, batzuen sudurrentzat hatsa bada ere. Sudur-dibertsitatea, luzeran eta usaimenean. Tira, berariaz izan ez bada ere, badirudi hauteskundeetarako zerrendak irekiak izatearena bidea hartuz doala. Eta zerrenda irekien zabaltze horretan nortzuk eta sozialistak aitzindari. Denok geunden horiek zerrenda itxiak aurkeztuak zituztelakoan; baina bai zera! hain ziren irekiak non jada apenas geratzen den hasierako zerrenda-kiderik aurreneko postuetan! Beraz, kontuz ibili daitezela kaleko sozialista arruntak, zerrendan ordezkoen azkena izanda ere, hara! instituzio-burugai izan baitaiteke gauetik goizera, zerrendako aurreko guztiak barne-sailera pasatuta, gauetik goizera ere, di-da batean, ezkontza bateko salmonellak sortu ohi duen presarekin. Botoak pasa, sareak heda.

Udaletan zabaldu den bidea aurrera doa, Batzar Nagusietarantz. Hauetako batzuetan zer den gertatuko ikusteko dago; are gehiago, Eajmetetik iragarri bezala, ekaina luzea izanda. Mehatxu hartu lezake hori eguzkiak, jelkideek udaren sarrera eragotzi nahi dutelakoan. Tira, orbitan segitzen duena hortik, kanpoaldeko nonbaitetik, azken bolada honetan ETBn saskibaloia baino ezagunagoa den pertsonaia hura da; bai, hura bera, unibertsoaren konkistatzaile espainiarra. Eup! Lala...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo