GARA > Idatzia > Kultura

«Artearen lekuko» izan diren XIX. mendeko argazkiak erakutsiko ditu Photomuseumek

Eraikuntza, monumentu edota margoen irudiak hartzen ospe handia izan zuten XIX. mendean, zegoen eskaera handiari erantzunez. Zarautzen, Brogi, Laurent edo Alinariren sinadura duten lanak daude ikusgai.
p054_f01_148x104.jpg

GARA | ZARAUTZ

Zarauzko Photomuseumek leiho berri bat zabaldu du. «Argazkia artearen lekuko» du izena eta «Europan XIX. mendetik aurrera izandako artelanen argazkiak erakusten ditu.

Erakusketaren antolatzaileek azaldu dutenez, argazkilaritza lan horrek Estatu frantsesean izan zituen hastapenak, 1851. urtean, eta lehenengo enkargu publikoa «Mission Héliographique» delakoa izan zen. «Ondare nazional zabala, argazkien bitartez erregistratzea izan zuen helburu», diotenez, eta bide hori hartuta, argazkilari asko mota guztietako artelanen erreprodukzio lanean aritu ziren, bai instituzioetako artxiboetarako aginduak jarraituz bai irudiak zuzenean publikoari salduz.

Teknikari dagokionez, Photomuseumeko arduradunek emandako azalpenen arabera, formatu handiko negatiboez baliatzen ziren emaitza ikusgarriak lortzeko, eta irudien erreprodukzio masiboei egokitutako argazki sistemak erabiltzen zituzten.

Artelanen irudi horien egile ospetsuen artean Alinaritarrak italiarrak, Brogi familia edota Pozzi daude, eta horien lanak izango dira ikusgai Zarauzko argazkilaritzaren museoan.

Alinaritarrak Florentzian bizi izan zuten argazkilaritza mota honen ospea. Fratelli Alinari izena sortu zuten Leopoldo, Giussepe eta Romualdo anaiek, eta nahiz eta bere jardueraren zati handi bat estudioko erretratuari eskaini, lana monumentuen eta artelanen erreprodukziora bideratu zuten, oroigarrien negozioaren hazkundea ikusita.

Gero eta handiagoa zen eskaera horri erantzunez, hiri nagusietako ikuspegi panoramiko, eraikuntza eta artelanen erreprodukzioari buru-belarri ekin zioten. Freskoak, elizetako irudiak, klaustroak edota paisaiak erreproduzitu zituzten.

Giacomo Brogiren lanak ere ikusgai daude Zarautzen. Honek «1860. urtean heldu zion argazkigintzari bete-betean», eta erreprodukzioetan espezializatu bazen ere, margoen erreprodukzioetan aritu zen, batez ere.

Bere lanen artean, «Palestinako Albuma» da ezagunetako bat. Jerusalem, Jaffa eta Betleemeko 60 argazkiz osatuta dago. Erakusketa askotan parte hartu ondoren, 1878. urtean errege-etxeko argazkilari izendatu zuten. Bere seme Carlok lanbidea jarraitu zuen «eta sendotzeaz gain, berrabiatu egin zuen». Izan ere, egileen eskubideen alde egin zuen borrokagatik ezaguna da eta Italiako Argazkilarien Elkartea sortzen parte hartu zuen.

Estatu espainolean, Charles Clifford eta Jean Laurent egileen lanek izan zuten ospe handia. Madrilen finkatu ziren biak, eta, besteak beste, monumentu, eraikuntza, tapiz eta bitxien katalogoak egiten aritu ziren.

Laurenten lan batzuk daude ikusgai Zarautzen. Estatu frantsesean jaioa, Madrilen oso gazte zenean zabaldu zuen estudioa eta, diotenez, «Espainiako txoko bakoitza katalogatu zuen». Laurent y Cía estudioan, 11.000 negatibo baino gehiagoko produkzioa lortu zuen.

PRADOKO GALERIA

Laurent y Cía enpresak grafoskopioa asmatu zuen 1882an. Horrekin Prado museoko galeria nagusiko ia horma guztietan zeuden margoak ikus zitezkeen. Faksimilean argitaratutako argazki kopia bat ikus daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo