Estatuen amorruari harresia jarri dio «Gazte 1+ez!» ekimenak Usurbilen
Azken bizpahiru urtetan gazte independentisten aurka izan diren polizia operazioek ez dutela gazteria zapaltzea eta suntsitzea lortu aldarrikatzeko, milaka lagun bildu zituen «Gazte 1+ez!» ekimenak atzo Usurbilen.
Janire ARRONDO
250 gazte baino gehiago atxilotu eta espetxeratu dituzte 2007az geroztik euskal gazteria kolpekatu duten sarekadetan, gehienak torturatuak izan direla salatu dute, gainera. Horixe da batzen dituena eta horregatik sortu zuten «Gazte 1+ez!» plataforma; eurek bizi izan dutena salatuz, etorkizunean horrelako egoerak errepika ez daitezen lortu nahi dutelako.
Hain justu ere, aste osoan zehar Donostiako Ibaetako campusean gazteriaren egoeraren gaineko zein torturaren gaineko hitzaldiak eta salaketa ekintza ugari jaso dituen itxialdiari amaiera emateko, ekitaldi nazionala egin zuten atzo Usurbilen. Euskal Herriko gazte mugimendua desaktibatu eta dese- giteko xedea izan duten eraso guztien gainetik, gazteriak bizirik dirauela aldarrikatu zuten; «Ez dago euskal gazteria zapalduko duen Rubalcabarik, ez eta Le Vertik ere». Euskal Herriak bizi duen aldaketa politikoaren baitan, gazteak «etorkizunaren zutabea eta ardatza» izango direla baieztatu zuten.
Horixe adierazi zien Tasio Erkiziak ere: «50 urteren ondoren, milaka atxilotu eta torturaturen izan ondoren, euskal gazteriak antolatzen jarraitu du; ez dago ez epailerik ez poliziarik herria isilduko duenik».
Orain, Euskal Herrian ireki den aro berrian «asmatzen jakitea» beharrezkoa da, Erkiziaren hitzetan: «Duela 50 urte bezala, bidegurutze garrantzitsuan baikaude». Aldaketarako aukera gazteen esku dagoela aldarrikatu zuen ezker abertzaleko kideak, eta «ilusioz» zein «kemenaz» euskal Estatua sortzea posible dela; negozioetan oinarritu ordez, pertsonak oinarri izango dituen Euskal Herria.
Bilduk hauteskundeetan izan duen presentzia goraipatuz, gizartea ez dela soilik instituzioetatik aldatzen esan zuen Erkiziak, eta borroka zein konfrontazio politikoa beharrezkoak direla azpimarratu zuen. «Tranpak jarriko dituzte, baina, erantzuten jakin behar dugu», esan zuen.
Dantzak, ikuskizunak eta musikak leku zabala izan zuen milaka lagun bildu zituen ekitaldian. Txistu zaparradak izan ziren Alfredo Perez Rubalcaba, Rodolfo Ares, Rosa Diez eta Jose Luis Rodriguez Zapaterorentzat, euskal gazteriari buruz gorrotoz beteriko hitzak botatzen zituzten irudiak erakutsi zituztenean. Txalo zaparrada jaso zuten, berriz, espetxean diren gazte independentista guztiek; Gorka Urbizuk akustikoan «Min hau» jotzen zuen bitartean, banan-banan jarri zituzten euren irudiak. Ekitaldiaren amaieran, Goizane Pinedo gazte auzipetuak gazteen kontrako jazarpena ez dela kasualitatea esan zuen, baina, erasoen gainetik «antolatzen eta borrokan jarraituz» erantzutera deitu zuten.
Vendeta, Betagarri, Ze Esatek!, Kaotiko eta Esne Beltzaren kontzertuekin biribildu zuten eguna Usurbilen.