Mikel Aramendi | Kazetaria
«Varyag»-en bigarren bizitza
«Varyag» hegazkin-ontzi sobietarra izan behar zuenak laburbiltzen baitu bere baitan, ia beste edozerk edo edozeinek baino hobeto, azken mende laurdeneko historia geopolitikoa
Duela hamar urte, Bosforoaren alde batetik zein bestetik ehunka ikusle kuxkuxerok milaka argazki egiten zizkioten bitartean, zelatari begiluzeagoek galdegiten zuten ea hamaika atoi-ontzik tiraka zeramaten 305 metroko ontzitzar hura -herdoilez estalita egon arren, eitez, tamainaz eta egituraz hegazkin-ontzia zena- izango ote zen hegazkin-ontzia ez beste zerbait etorkizunean ere. Hamar urte geroago, erantzuna oso argi dago: 2011tik aurrera, beste izen batekin bederen, hegazkin-ontzi izaten jarraituko du «Varyag»-ek. Hobeto esanda, hegazkin-ontzi izaten hasiko da, itsasoratu zenetik 23 urte igaro direnean. Eta, agian, orain arte eman duena baino zeresan handiagoa eman dezake hemendik aurrera.
«Varyag» hegazkin-ontzi sobietarra izan behar zuenak laburbiltzen baitu bere baitan, ia beste edozerk edo edozeinek baino hobeto, azken mende laurdeneko historia geopolitikoa. Sobietar ontziteriaren diseinurik aurreratuenak dituen Kuznetsov almirantearen klaseko hegazkin-ontzi astunetan bigarrena eta azkena izan behar zuena bertan behera geratu zen, 1991n SESB desegin zenean. Mikolaiveko ontziolako nasan zegoen, hiru laurdenean osatuta: kroskoa amaituta baina motor eta arma-sistemarik gabe. Ondorengo «ondare banaketan», hura amaitzeko dirurik eta beste baliabiderik zuen Ukrainari «tokatu» zitzaion «Varyag» erraldoia.
Berehala agertu ziren txinatarrak hura erosteko asmotan, baina baita horretarako eragozpenak ere. Zuzenak batzuk (hegazkin-ontzi bezala ez erabiltzeko konpromisoa exijitzen zuen Ukrainak); zeharkakoak besteak (Itsaso Beltzetik Mediterraneorako bidearen giltza duen Turkiak ere bazuen zer esanik). Azkenean, ika-mikan irabazle bakarra herdoila zelako-edo, Hong Kongeko enpresaburu txinatar bitxi bati saldu zion kroskoa Ukrainak 1998an, txatar prezioan kasik. Macau-n hotel eta kasino moduan berrerabiltzea omen zen haren asmoa. Baina edonork zuen beste zerbaiten errezeloa. Ukrainatik Txinarako garraioa ere peripezia izan zen, eta hondora joateko arriskuan egon zen atoian zeramatenean. Azkenean, 2002ko martxoan iritsi zen «Varyag» Txinara; baina ez Macaura edo Hong Kongera, baizik Daliango ontziolara.
Dalianen geldialdi luzea egin ondoren, langintza deabrutu batean garbiketa-osaketa-prestaketa ikusgarria eman diote «Varyag»-en kroskoari azken sei urte hauetan, haren jarraipena egiten duten web orrialdeetan argiro ikus daitekeenez. Eta, bere biki errusiarraren antz handirik izango ez badu ere, jada ez dago zalantza izpirik: hegazkin-ontzia izango da aurrerantzean ere. Izen berria: «Shi Lang». 1683an Qing dinastiarentzat Taiwan konkistatu zuen almirantearen izena. Taipeiko agintarientzako mezua nahiko argi ez bazegoen-edo. Eta ziurtzat jotzen da datozen asteotan, Alderdiaren 90. urteurrenarekin-edo, sartuko dela zerbitzuan.
Kasualitatea izango da, beharbada, baina Txina Hegoaldeko Itsasoan indarrak serioski aldarazten dituen urrats honen atarian sutu da Vietnam eta Txinaren arteko jazargoa...