Normalizazioaren bidean, eskubide zibil eta politikoek konpromisoa eskatzen dute
Txalotzekoa da, atzo hainbat esparrutako zenbait lagun erreferentzialek esan bezala, Ipar Euskal Herrian Aurore Martinen inguruan sortutako elkarlana, baina txalotzekoa da, halaber, lagun horiek eskubide zibil eta politikoen alde agertu duten konpromisoa, gizarte osora hedatu beharra dagoena. Euskal Herria normalizazio politikorako garai aproposean sartu da, baina normalizazio horrek oztopo handia du jarduera politikoaren kriminalizazioa, hala nola errepresio itsua, espetxe politika mendekaria... Oztopo handi eta kezkagarriak dira Aurore Martinen aurkako euroagindu eskaera, ekainaren 27an hasiko den Bateragune auziko epaiketa eta Oarsoaldeko hainbat gazteren aurkako epaiketa. Horrenbestez, datozen egun eta asteetan horien guztien aurka izango diren mobilizazioak garrantzi handikoak dira.
Egun Estatu espainolaren eta frantsesaren aspaldiko diskurtsoa hutsaren hurrengoa da. Indarkeria politikoa ez dela onargarria, bide demokratikoari helduta edozein helburu zilegi dela zioten, baina euskal independentisten lan politikoa kartzelaz zigortzen dute, eta hori ere helburu politikoa duen indarkeria da. Euskal Herrian gaur egun dagoen indarkeria politiko bakarra.