GARA > Idatzia > Euskal Herria

«AHTren inposaketa salatzeko» eguna antolatu dute larunbaterako Hernanin

«k-AHT-eak txikitu» ekimenak hainbat egitasmo ezagutarazi zituen atzo Hernanin. Batetik, AHTren inguruan izandako errepresioa salatzeko kaleratu berri duen txostena aurkeztu zuen. Bestetik, Hernanin larunbat honetan egingo duen aldarrikapen egunaren berri eman zuen.

GARA |

Abiadura handiko trenaren aurkako ekinbideek aurrera jarraitzen dute. «k-AHT-eak txikitu» ekimenaren txanda izan zen atzokoan, prentsaurrekoa eskaini baitzuen Hernanin.

Lehenik eta behin, AHT hasiera-hasieratik «egiazko informaziorik gabe eta jendartearen parte hartzea galarazita» garatzen ari den proiektua dela salatu zuten ekimeneko kideek. Era berean, azpiegituraren aurkako mugimendua «kriminalizatua eta gogorki erreprimitua» izan dela nabarmendu zuten. «Labur-labur esanda», adierazi zuten, «AHT indarrez inposaturiko egitasmoa da».

«k-AHT-eak txikitu» ekimenaren beraren jatorria ere ezagutarazi zuten. Azaldu zutenez, aurreko urtearen amaieran AHTren proiektuaren eraginez «errepresaliatutako» batzuk bildu eta ekimena sortzea erabaki zuten.

Ekimenaren helburuak ere azaldu zituzten atzoko agerraldian. Batetik, azpiegitura handi honek «errepresaliatutako» guztiak batu eta euren arteko koordinazio minimo bat sortzea, horrela hainbat tresna erabiliz isunei aurre egin ahal izateko. Bestetik, «erreprimitutako pertsona orori elkartasuna adieraztea». Aldi berean, «proiektu hau garatzeko erabiltzen ari den inposaketa» iritzi publikoaren aurrean salatzea ere badute xede.

Atzo emandako prentsaurrekoaren arrazoi nagusietako bat kaleratu berri den 54 orrialdeko txostenaren berri ematea ere izan zen. «AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politikoa eta historikoa» izenburupean, abiadura handiko trenak eragindako «kriminalizazioaren» berri ematea dute helburu txostenean. «Proiektuaren aurkako mugimendu guztiaren parte hartzea eskatu genuen; beraz, jende askoren ahaleginez osatutako lana da», azaldu zuten. Txostena bost euroren truke salduko dute ohiko lekuetan.

Egitarau biribila

Aipatutakoak salatu eta indarrak batzeko asmoz egitarau biribila prestatu dute larunbatean Hernanin ospatuko den «k-AHT-eak Txikitu» ekimenaren egunerako. 12.00etan, «AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa: ibilbide politiko eta historikoa» txostenaren aurkezpena egingo dute Kontrakantxa gaztetxean.

Bertso bazkaria ere egingo da eguerdian Ezkiaga pasealekuan, sei euroren truke. Iñaki Gurrutxaga eta Iñigo Mancisidor arituko dira bertsotan. 19.00etan, berriz, manifestazioa egingo da. Ostean, 23.00etatik aurrera, kontzertuak izango dira gaztetxean Kop eta Estricalla taldeen eskutik. Amaitzeko, antolatzaileek AHTren aurkako guztiei Hernanira joateko gonbita luzatu nahi izan zieten.

54 orrialde

Jende askoren ahaleginari esker osatutako «AHTren aurkako mugimendua eta errepresioa» txostena aurkeztu dute. Bost euroren truke jarriko dute salgai, ohiko lekuetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo