GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Mugikortasun berdea» sustatuko du Izagirrek Donostiako Udaletik

DBus konpainiak mugikortasun jasangarriaren gainean antolatutako jardunaldietan irekiera hitzaldia ematea egokitu zitzaion atzo Juan Karlos Izagirreri. Hirian garraio publikoa sustatzeko asmoa dutela agertuz eta garraiobide jasangarrien aldeko apustua eginez estreinatu zuen igeldoarrak bere alkate kargua. Danimarkako, Britainia Handiko, Errumaniako, Italiako eta Txekiar Errepublikako hainbat hirirekin elkarlanean jarraituko duela ere azaldu zuen Izagirrek.

GARA |

Donostiako alkate izendatu dutenetik, atzo hartu zuen parte Juan Karlos Izagirrek lehen aldiz ekitaldi publiko batean. Hain zuzen, Donostiako DBus konpainiak erregai, ibilgailu eta hiri garbien inguruan antolatutako jardunaldiei irekiera eman zien Izagirrek Miramar jauregian. Aurreneko ekitaldia izateaz gain, kameren arreta bereganatu zuen Izagirrek jauregiaren atarira motoz iritsi zenean, Bilduko zinegotzi Nora Galparsororekin batera. Bertan jardunaldietako antolatzaileak zain zituen harrera egiteko.

Alkateak azaldu zuenez, herritarrek joan-etorriak oinez, bizikletaz edo garraio publikoan egin ditzaten sustatzen jarraituko du Udalak, eta asmo horretan autobusaren papera indartzen ahaleginduko dira.

Civitas europar ekimenaren baitan, hiriko garraiobide jasangarrien gainean aritu ziren atzoko konferentzian. Jardunaldiotan, zehazki, hogeita hamarren bat hiritako adituak izango dira, Europako Batzordeko kideez gain. Irekiera hitzaldian «mugikortasun berdea» helburu hartuta lanean jarraitzeko prestutasuna agertu zuen Izagirrek, eta Europako beste hainbat hirirekin elkarlanean mugikortasun jasangarriaren inguruko proiektuak martxan jartzeko asmoa agertu zuen. Tartean, Aalborg (Danimarka), Brighton (Britainia Handia), Iasi (Errumania), Monza (Italia) eta Usti-rekin (Txekiar Errepublika) batera, egun hiria murgilduta den Civitas-Arquimedes programa aipatu zuen.

Donostiari begira, bizilagunak euren autobus sareaz «harro» daudela azaldu zuen, Europako kalitate eta erabilera mailarik handienetakoa duela gogoraraziz. Ingurumenari egin diezaioketen ekarpen nagusia dela ulertuta, autobusen erabilera ahalik bezainbat indartuko dutela hitzeman zuen.

«Normaltasun osoz»

Eguerdian, Ricardo Burutaran zinegotziarekin batera, prentsaurrekoa eskaini zuen Izagirrek, udal kudeaketaren gainean aritzeko. Hala, «batzuek piztu nahi izan duten alarma lekuz kanpo» dagoela salatu zuen alkate berriak, eta legeak ematen duen epea amaitu baino lehen, ostiralean ziur asko, karguak banatuko dituztela azaldu zuen.

Bestalde, atzo bertan 80 lan kontratu sinatu zituztela azaldu zuen, udako udaltzain, gizarte langile eta zaintzaileenak. 2016an Europako kulturaren hiriburu izateko hautagaitzako langileekin ere bildu da alkate berria.

lehentasuna

Juan Karlos Izagirrek Donostiak garraio publikoaren aldeko apustuari eutsiko diola ziurtatu zuen eta, bide horretan, autobusen erabilera indartuko dutela. «Gure gobernuaren lehentasunetako bat izango da», esan zuen.

biodiesela

Donostiako DBus konpainiakoek biodieselaren erabileraren gaineko azalpenak emango dituzte. Olio birziklatutik eratorritako erregai ekologikoa autobus flota osoak erabiltzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo