GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Haserretzen direnean, ez dira jende zintzoa

Atzo Kataluniako Parlamentuaren aurrean izan ziren istiluek argi samar ikusarazi zuten Kataluniako eta Estatuko politikari gehienen benetako aurpegia. Protestan jardun zuten «haserretuek» dozenaka zauritu jarri zituzten; kataluniar parlamentariek eta espainiar politikariek, berriz, indarkeriaren gaitzespena. Manifestarien indarkeria, jakina. Gobernuko presidente Artur Masek «marra gorri gehiago» zeharka ez ditzatela eskatu zien. Joan den maiatzaren 27an Kataluniako plazan ere «haserretuek» beste marra gorriren bat zeharkatu zuten, nonbait, mossoak oldartu zitzaizkienean.

Orain artean «haserretuena» fenomeno bitxi eta ulergarria izan da politikarien begietan. Hauteskunde kanpainan batez ere, hainbat politikarik haserretuen aldarrikapenekin bat zetozela esan zuten. Gero fenomeno deserosoa, bihurtu zitzaien, esate baterako, zenbait udal osaketa dela-eta egin zituzten elkarretaratzeak izan zirenean. Eta «haserretuek» benetan haserre daudela erakutsi dutenean, horien «indarkeria» gaitzetsi eta indarkeriarik handiena, Poliziarena, zuritu eta sostengatu dute. Jose Bono Kongresu espainoleko presidenteak azaldu zuen ondoen atzo: hasieran «jende zintzoa» iruditzen zitzaionaren kontra Poliziaren indarra erabiltzea justifikatuta dago, «aginpide falta onartezinagatik». Eta, dirudienez, edozein arazoren aurrean, garrantzitsuena aginpipea nork duen argi uztea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo