GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Apustua

Irigoien prest dago harri zaharrei ere aurre egiteko

Errezildarrak 56 zentimetroko altuera duen zilindro zaharra erabiliko du bost minutuko hiru txandatan, eta irabazteko 123 jasoaldi gainditu behar ditu.

p038_f01_199x137.jpg

Jon LEUNDA

Aimar Irigoienek erronka gogorra izango du igande eguerdian Aian, bertako talde batek desafioa bota dio eta. Errezildarrak 125 kiloko zilindro zaharrari 123 jasoaldi baino gehiago eman behar dizkio apustua gainditzeko, eta bost minutuko hiru txanda izango ditu.

Harria, ordea, berezia da 56 zentimetro luze dituen harria erabili behar baitu Aimarrek. Errezildarra, ordea, gustura aritu da entrenatzen, eta ilusio handia du: «Ongi ikusten dut nire burua, erronka handia daukat aurretik, baina itxaropentsu nago».

25 urteko gaztea sasoi bikainean dago, eta igandeko moduko erronkak gustuko ditu. «Egia esan, harri handiekin aritzen nintzen lehen, baina askoz ere gusturago nabil era honetara. Harri handiekin Inaxio Perurena besterik ez dabil, eta gainerakoak txikiagoekin. Handiekin jasoaldi gutxi ematen dira eta lehiaketarik ez dago. Ni gustura nabil orain», esan du.

Igandean 123 jasoaldi gainditu behar ditu. Orain arte plazan ez du hiru txandako saiorik egin, baina bai batekoa; hain zuzen ere, Azpeitian aritu zen harri honekin, bost minutuko txanda bat egiten. Orduan 43 jaso zituen. Bide beretik joanda, aise onduko luke marka, baina oso ezberdina izango dela dio errezildarrak. «Hori ezinezkoa da. Hura txanda bakar batera izan zen, eta horietan duzun guztia ematen duzu, baina hiru txanda direnean, indarrak neurtu beharra izaten da», azaldu du.

Ez daki zer nolako erritmoan arituko den igandean, hori entrenatzaileek erabaki beharko baitute, baina berak ere kalkuluak eginak ditu: «42 jasoaldiko txanda bat eta 41eko bi behar dira. Hori lortuta apustua irabaziko dut. Alabaina, gauza bat da aurretik pentsatzea, eta gero han ikusi beharko da, beharren arabera».

Hain zuzen, Telleria anaiak ditu bere entrenatzaileak, eta horiengan sekulako konfiantza du Aimarrek: «Haiekin ari naiz entrenatzen, eta entrenatzaileak baino zerbait gehiago dira. Sekulako babesa ematen didate, euren beharra dudan bakoitzean laguntzen didate. Askotan esaten diet beraiek uzten dutenean nik ere utzi beharko dudala kirol hau, eta ez dakit ez ote den horrela izango».

Lasai

Jendeak berarengan sekulako konfiantza dauka; ez du uste inoiz hutsik egino duenik, baina horrek Aimarri ez dio presioa gehitzen. «Azkenean jendeak dion guztiari ezin diozu kasurik egin. Ni beti dudana ematera joaten naiz, eta egunen batean huts egiten badut, horrela beharko da», onartu du.

Igandeko apustuan alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu, eta ekinaldia 12.00etatik aurrera jokatuko da Aiako probalekuan.

Dirua

Errezildarrak Aiako talde baten aurka jokatuko du; «123 jasoaldiko marka ondu ezetz», bota diote erronka. Alde bakoitzak 12.000 euro jokatuko ditu.

erritmoa

Aimarrek erronka gainditzeko 41 jasoaldiko bi txanda eta 42ko bat nahikoa dela uste du, baina hori unearen eta entrenatzaileen arabera uzten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo