GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez | sagarroiak@gmail.com

Erabakitzeko eremu propioa, denon borroka

Zentralizaziorantz pauso handia ematea erabaki dute. Herrialdeko hitzarmenak desagertzeko bidean jarri dituzte, Madriletik zer eta zein eremutan negozia daitekeen inposatzeko

Krisiaren aitzakiaz kapitalaren mesedetan ezarritako azken erreforma daukagu negoziazio kolektiboarena. Ez da oihartzun handiena izan duena eta, alde batetik, ulertzekoa da. Lan harremanei dagokien guztia jende askorentzat urrun gelditzen da, eta beste askori nahaspilatsu suertatzen zaio. Lan erreformarekin, baldintzak okertu eta eskubideak ostu zituzten; pentsio erreformaz, lanaren ondoriozko babes sozialaren zutabeari ekin zioten; negoziazio kolektiboaz, eskubide horiek defendatzeko eta borrokatzeko tresnei jo diete. Ondo planifikatuta dago erasoaldia. Eta ez da amaitu. Osasun sistema dute jo puntuan, besteak beste, baina egituraketa politikoari dagokionez, autonomia estatuaren erreforma gero eta ozenago entzuten da.

Patronalaren mesedetan jokatzeak ez dio sekula langileriari ezer onik ekarri, eta jadanik ez dira ahalegintzen ezkutatzen edo enplegu sorreraren gezurra erabiltzen ere. Patronalari eskuak are askeago utzi dizkiote bere apetak asetzeko: enpresetan soldatak beheraka negoziatu, aparteko orduengatik zenbat ordaindu erabaki, lan ordutegia finkatu dezan... Erreforma honen helburuetako bat lan harremanak askoz gehiago indibidualizatzea da, milaka langile inolako babesik gabe gelditzea, sektore mailako hitzarmenek bermatu ahal duten oinarrizko eskubiderik gabe, alegia.

Honekin batera, zentralizaziorantz pauso handia ematea ere erabaki dute. Herrialdeko hitzarmenak desagertzeko bidean jarri dituzte, Madriletik zer eta zein eremutan negozia daitekeen inposatzeko. Euskal Herria buruan izan dutela ez zaio inori gainetik pasatzen. Euskal Herria eta berton dagoen borroka gaitasuna, bere emaitzak izan dituena eta izango dituena. CCOO eta UGT ere pozik, Euskal Herrian langileen gehiengoak eurengan sinesmenik ez izan arren, Madrilen eurek erabakiko dutela pentsaturik.

Subiranotasuna ez dela oparia izango aspalditik dakigu. Subiranotasuna irabazi, konkistatu egin behar da, pausoz pauso. Erabakitzeko ahalmena ez da egun batetik bestera, jainko baten dohain modura eskuratuko dugun zerbait: arloz arlo eta eremuz eremu erabakiak geuk eta berton hartzean datza, arloz arlo eta eremuz eremu esparru berriak erdietsi eta, jakina, jadanik erdietsia dena ez galtzeko borrokatu: gure eguneroko bizitza eratzen duten eremuak, gure herria egituratzen duten arloak.

Madrilen ez daukate edozelako legitimitaterik euskal langileen izenean ezer erabakitzeko. Baina, gainera, negoziazio kolektiboaren erreformaz burututako erasoa ez da gutxi batzuen kontrako eraso soila, ez eta hitzarmenpean aritzen den langile klasearen partearen kezka hutsa ere.

Lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua nork, non eta zelan erabakitzen den, hori da borroka. Arlo laboralean, sozialean eta politikoan, erabakitzeko eremu propioa defendatzen dugun guztion borroka da. Eta horrelaxe egin beharko genioke aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo