Atzerritarren zentroetan daudenen eskubideak bermatzeko eskatu dute
Atzerritarren zentroen funtzionamendua arautuko duen txostena oraindik argitaratzeke dagoela salatu dute ehunka elkartek eta Madrilgo Gobernuari «gardentasuna» eskatu diote. Zentroetan dauden pertsonen eskubideak bermatu daitezen, manifestua sinatuko dute gaur.
GARA |
Atzerritartasun Lege Organikoaren azken aldaketa onartu zenetik urte eta erdi igaro den arren, oraindik ez da argitaratu Atzerritarrak Barneratzeko Zentroen (CIE) funtzionamenduaren inguruko araudia. Hori dela eta, Euskal Herriko 34 erakundek -eta Estatu espainoleko 350 elkartek- Barne Ministerioari «gardentasunez» jokatzeko eskatzen dion manifestua sinatuko dute gaur hainbat hiriburutan.
Donostian 11.00etan bilduko dira, Madrilgo Gobernuaren Gipuzkoako ordezkaritzan, eta bertako ordezkariordeari emango diote manifestua, Ministerioko agintari gorenei helarazi diezaien.
Gizarte erakunde anitz eta milaka gizabanakok sinatutako dokumentuan zentro horiek itxi ditzaten eskatzen dute, «giza eskubideen nazioarteko adierazpenen aurka doazen guneak direlako».
Hilabeteak zain
Sinatzaileek salatu dutenez, hilabeteak daramatzate erregulazioaren zirriborroaren nondik norakoen berri izateko zain, horretan pertsonen eskubide guztiak bermatzen direla egiaztatu ahal izateko. «Ezin dugu gizarte zibila araudiaren lantze prozesutik kanpo uztea onartu: egoera administratiboa erregularizatu gabe duten milaka pertsona dago atxilotuta gune horietan eta araudi horrek gune horiek nola funtzionatu behar duten finkatuko du», adierazi dute. Horregatik, «beharrezkoa» ikusten dute gizartea osatzen duten guztiek eztabaidan parte hartzea. Gainera, moldaketaren inguruan hamaika kexu plazaratu direla gogorarazi dute.
Zentroak itxi artean, horien funtzionamendu «iluna» ezabatzea ezinbestekotzat jotzen duten.
«Ezkutuan, inolako berririk eman gabe eta gizarte zibilaren iritzia kontuan hartu gabe»; horrela ari da Barne Ministerioa erregulazioaren inguruko zirriborroa prestatzen, sinatzaileek salatu dutenez.