Berunarekin pozoitutako haurrak artatzeari uko egitea leporatu diote Txinari
HRWek lau probintzia seinalatu ditu batik bat; odol-analisiak mugatu edota frogen emaitzak manipulatzera ailegatu direla diote, baita ez dagoela eritasuna sendatzeko taxuzko tratamendurik ere. Neurriak exijitu dituzte.
GARA | PEKIN
Berunarekin pozoituta dauden haurrak artatzeari uko egitea leporatu diote Txinari, baita eritasun hori sendatzeko nahikoa baliabide ez eskaintzea ere. Gaia sakon aztertu du azken bi urteotan HRW Human Right Watch erakundeak, eta ondorioen txostena aurkeztu zuen atzo.
Txinako lau herrialde seinalatzen dituzte batik bat, Henan, Hunan, Shaanxi eta Yunnan, horietan baitago berun kutsadurarik handiena; gorputzaren funtzio neurologiko, biologiko eta kognitiboak kaltetu ditzake metal horrek, burmuinean, gibelean edota nerbio sisteman eraginez.
HRWk dioenez, gorputzeko berun kantitatea neurtzea ahalbidetzen duten odol-analisiak mugatu dituzte agintariek, eta egin diren kasuetan, emaitzak manipulatzera ailegatu direla. Eritasun horren aurrean jaso beharreko tratamendua ere atzeratzen ahalegindu dira zenbait kasutan, eta hori salatu dutenen aurka etengabeko jazarpena gauzatu dute. Era berean, kutsadura kopuru neurrigabeak apaltzeko, Ingurumenaren Babeserako Ministerioak hainbat neurri hartzen dituela onartu du HRWk, baina baita askotan ez direla aplikatzera iristen ere.
Horregatik, arrisku eremuak antzemateko balioko duten neurri zientifikoak balia ditzaten eskatu diete Txinako agintariei, baita odol analisiak doan egin ditzatela eta behar bezalako tratamenduak ezar ditzatela ere.