GARA > Idatzia > Kultura

Marearteko bioaniztasuna ezagutzen eta errespetatzen laguntzen du Aquariumek

p040_f01_148x084.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako Aquariumek erakusketa berria ireki zuen atzo bere dibulgazio lanean beste pauso bat emanez. Oraingoan, marearteko (itsasbeheraren eta itsasgoraren artean agertzen den zatia) biodibertsitatea agertzen duen erakusketa antolatu du, «Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean» izenburupean. Helburu nagusia «eremu honen balio handia ezagutaraztea eta marearteko inguruen errespetuzko erabilera bultzatzea» da. Hau da, «itsasoko ekosistemen kudeaketari eta espezie eta habitat naturalei buruzko europar zuzentarauak betetze aldera dibulgazio eta heziketa lana egitea».

Erakusketa 100 metro karratuko aretoan dago eta hamalau argazkik eta bi bideok osatzen dute. Lau ataletan sailkatu dute: batetik, «marearteko eremua» deritzonaren eta mareen funtzionamenduaren deskribapena; bestetik, organismoek ingurunera egokitzeko dituzten estrategiak; marearteko eremuko bioaniztasuna; eta, azkenik, ingurune horretaz gozatzean errespetuz jokatu behar dela azaltzen duena.

Biziraupen gogorra

Marearteko eremua mareen joan-etorrien menpe dago, eta horrek ingurune horretako ingurumen-aldagaiei eragiten die, hots, argiari, tenperaturari, gazitasunari eta olatuei, besteak beste. Aldaketa horiek denbora gutxian gertatzen dira gainera, han bizi diren organismoak egoera berrira egokitzeko bideak bilatzera behartuz. Estrategia horiek dira, hain zuzen, erakusketa honen ardatzetako bat, eta lau ataletan banatu dituzte: lehortzea saihestea, oxigeno faltari aurre egitea, eguzkiak zuzenean ez jotzea (honekin lotuta dago lehortzearen aurkako borroka hori) eta harkaitzetara lotzea olatuen oldarraldiei aurre egiteko. Hala, ohikoa da, udan arroka inguruetan agertzen diren putzuetan mota askotariko animaliak topatzea, edota ez ikustea, zulo txikietan sartu ohi baitira eguzkiarengandik ihesi. Hori dela-eta, berebiziko garrantzia du biodibertsitate hori ezagutzeak, ikuskizun hori errespetuz gozatu ahal izateko.

Erakusketan Alex Iturrate donostiar argazkilariaren neurri handiko eta atzetik argiztatutako irudiek leku horietako bioaniztasuna erakutsiko dute, algak, ornogabeak eta arrainak, alegia. Itsas zaldiak, blenidoak, nudibrankioak, itsas izarrak, belakiak eta muxarrak ageri dira, bestea beste.

Horiek guztiak ikusi nahi dituenak «Mugan: lurraren, itsasoaren eta airearen artean» izeneko erakusketan du aukera, abendura arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo