Saizarbitoriak hasiko du «Hamaika pauso»-ren irakurketa
GARA | BILBO
«Klasikoen irakurraldi etenik gabea», Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen ekimena ospatuko da gaur, goizeko zortzietatik aurrera Arriaga antzokian.
Laugarren urtea du eta aurrekoetan Axularren «Gero», Mogelen «Peru Abarca» eta Jon Miranderen «Haur besoetakoa» liburuen irakurketa egin dute; aurten, berriz, Ramon Saizarbitoriaren «Hamaika pauso»-ren txanda da.
Hain zuzen, Ramon Saizarbitoria berak hasiko du irakurraldia goizeko zortzietan. 12.00etatik aurrera Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko, Lakuako eta EHUko ordezkariek irakurriko dute, besteak beste. Kultura, gizarte eta ekonomia arloetako 400 kidek hartuko dute parte. Horien artean, Txuma Lasagabaster kritikariak, Mikel Martinez aktoreak eta Kirmen Uribe idazleak.