Joseba
Andoni TOLOSA
«MORAU» Musikaria
Haren modukoa izan nahi dut nagusia izatean. Horixe da Josebaz esan dezakedan gauza bakarra. Ez hainbeste «edadian» aurrera doalako, beste guztiok bezala, baizik eta bakarra delako Hernanin jendez lepo dagoen areto oso bat «Gora Karlos septimo eta Margarita... Biba erlijiyua, muera errepublika» odol edota beste jariakinen baten isurketarik gabe kantatzen jar dezakeena. Tipo dotorea behar da izan, alperrik beteko baituzu horrelakoetan paparra dominez. Berdin dio zer asmatu duzun, noren koinata zaren edota zenbat kobratzen duzun, umorearen eta ausardiaren hari labainkorretan ekilibrista ona izan behar, kikildu gabe jendeari halako amua botatzeko.
Josebak baditu aipagarriak diren beste ezaugarri batzuk ere. Plaza gizona da, baina plaza gizon gehienek entzulea tontotzat hartzeko duten bizio itsusirik gabe. Hitz egiten du baina ez da hitzontzia edo, behintzat, ondo disimulatzen du. Hamaika ikusitakoa da, baina «aizu, neu hamaika ikusitakoa naiz» dioen larderia kartel argidunik gabe kopetan. Harrigarria, hainbeste oholtza, musikari, antolatzaile eta «agintari» ezagutu dituen musikaria izanda. Eta ez ahaztu, ez dago edonoren esku genero musikal bat asmatzea. Josebak hala egin zuen, baina hori baina aipagarriagoa da generoa bera noiz lurperatu behar zen iragartzeko gai izan zela; eguna eta ordua iragarriz gainera. Lehena izan zen triki-poparen «entierrora» iristen, presarik gabe baina gogoz. Nabaritu zitzaion. Azkarra behar du izan gizasemeak horretarako. Errazkeriak zertarako. Lepoan hartu eta segi aurrera... Azkenik, musikari kultuaren eta herrikoiaren arteko inongo lurralde horretan bizi da Joseba, eta, desastre bipolarra izan zitekeena, herri musika ulertzeko modua bilakatu du, poliki-poliki... Harritzen al zaituzte Joseba bezalakoa izan nahiak?