Laura MINTEGI Idazlea
Seme-alabak eta sexua
Bai, badakit geuk hogeitaka urterekin esaten genuela «¡la virginidad es una enfermedad, vacúnate!» eta maitasun librea aldarrikatzen genuela. Badakit frankismoaren heziketa sexual atzerakoia aldetik kentzea izugarri kostatu zitzaigula. Badakit zenbat aurreiritzi akabatu genituen gure sexualitatea gozamen-iturri bihurtzeko, eta ez sentitzeko errudun edo bekatari. Baina, arraioa, zaila egiten da, gero, seme-alaben naturaltasun sexuala ikustea, eta mugak jarri nahi genituzke, ez dakit, nolabaiteko galga, hain «natural» bizi ez dezaten. Zeren badago aldea, alajaina, geuk bizi izan genuen girotik eurenera.
Gure gurasoek nahikoa zuten sexua bekatua zela esatearekin; izan ere, gainontzeko lana Elizak, presio sozialak, haurdun geratzeko beldurrak edota lagun taldearen txutxu-mutxu maltzurrak egiten zien. Sistema oso bat zuten gure grina sexuala zanpatzeko, gezurra barne. Kontatzekoa ez bada ere, aitortu behar dut lagun bati «uste dut haurdun nagoela» esan niola, goateke batean «ukondoak» jarri ez nizkiolako nire dantzakide sutsuari. Kontaiezu orain seme-alabei zer den «ukondoak» jartzea eta barre egingo dizute; «Pleistozenokoa zara, ama!».
Etxean azaldu diegu maitasuna sentimendu positiboa dela, ez genien aldatzen kanala protagonistek elkarri musu ematen ziotenean, bai aldiz gehiegizko bortizkeria agertzean. Eta orain ez dakigu nola jokatu sexualitatea natural bizi dutenean. Spencer Tracyk eta Katherine Hepburnek hezkuntza ez-arrazista eman zioten alabari, baina poker-aurpegia jarri zuten alabak Sidney Poitiersekin ezkondu nahi zuela ikusita. Predikatutakoa bete, pozik egotekoa da. Baina kontxo!