GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Espainiari begiratuta, independentzia inoiz baino naturalago

Azken aspaldian, Espainiari begiratzen diodan bakoitzean abertzaleago sentitzen naiz. Independentista ehuneko ehunean. Espainiako politika, ekonomia eta oro har giroa aztertzerakoan, problemak baino desastreak ikusten ditut. Erreskatearen ertzean, barneko pipiek jota, kanpoko finantza-arranoen miran den ekonomia suntsituarekin, erronka eta paradigma berrien garaiotan politika polarizatu eta blokeatu baten menpe, hausnarketa gutxi eta testosterona gehiegitxo, estatu eredu agortua eta botereen arteko borroka fratizidak... Sendabide errazik gabeko gaitzak.

Euskal Herriarentzat independentzia nahi dut, natural-natural. Ez gure herria besteak baino hobea edo gehiago izateko. Libertatearekin eta mundu ederrago batekin lotzen dut, aberrimin sentimendu basa batekin, bizitzari zentzua ematen dion utopia positibo batekin. Baina aitortzen dut independentziaren aldekotasuna metamorfosian dudala. Eta, sumatzen dudanez, asko gaude egoera berean.

Sentimendua eta utopia ezinbesteko dira, ados, sentitzen ez dugun horrek horrela mugatzen gaituelako beti; utopia behar dugulako gure iragana, gure oinazeak hobeto ezagutzeko. Baina zerbait gehiago ere badago. Biziraupen kontu bat, toxikoa eta kutsakorra den atmosfera politiko batetik libratu beharra, oxigeno premia, gure ahalmenak guztiz mugatuko ez dituen aukera berri baten bizinahia. Bai, Espainiaren mende segitzea atzerapen bat da. Euskal gizartearen neurrira eraikitako etorkizun moderno bati begira, gure herriarentzat galga bat.

Baina penintsulak errotik banatzeko teknika bat asmatu artean, aldez edo moldez, haiexek auzokide izan beharko ditugu. Ezinikusian eta gorrotoan eraikitako hormak puskatu egin behar dira. Espainiarrekin zuzen hitz egiteko, beren protesta sozialak eta eskaerak ez ditugula arrotz erakusteko. «Bigarren Trantsizioa» deitzen duten meloi hori irekitzean, herri bezala norantz egin nahi dugun pedagogiaz adierazteko.

Ez gaude nerbio kultural edo muskulatura identitarioaren faltan. Arrazoiak eta borondateak soberan ditugu. Subjektu independentista, aski dimentsionatua. Sentimenduez gain, ilusioak eta interesak egoki artikulatuz gero, independentziaren asmoak dena du alde, dena irabazteko. Besteak beste, jendearen gogo-bihotzetan izugarri arrunt eta naturala delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo